Eguaztenetan batzen dituzte hondakin horiek. Hileko lehen eta hirugarren eguaztenetan, Garai, Izurtza, Mañaria, Matiena eta Zaldibarren batzen dute; hileko bigarren eta laugarren eguaztenetan Atxondo, Elorrio eta Muntsaratz zein Zelaietan. Iurretan, eguaztenero pasatzen da kamioia. Herritarrek ez ei dute egutegia errespetatzen, eta horrek arazoak sor ditzake zebra-bideetan, adibidez. “Espaloian uzten dugun sofa batek autoen ikusgaitasuna murriztu dezake; edo haizearen eraginez, utzi dugun hozkailua errepidera jausi ahal da”, ohartarazi du Mandalunizek. Bestalde, gogoratu du baserri inguruetakoek aurretiaz abisatu behar dutela.
Organikorako poltsak
Europan %50ean ezarri dute birziklapen tasa egokia, eta, beraz, “eskualdeko datua” hobetu egin behar da”, Augusto Uriarte teknikariaren ustez. Aitor Lopez presidenteak organikoaren kanpainan parte hartzeko deia egin du; aurten, poltsa konpostagarriak doan emango dituzte. Momentuz, 5.000 lagun (biztanleen %25 inguru) dabiltza kontainer marroia erabiltzen edota autokonpostajea egiten. 94 623 25 22 telefonoan eman ahal da izena, baita zalantzak argitu ere.