Oinarri-futbolak eztabaida piztu du Bizkaiko futbol kluben artean. Klub batzuek Eskola Kirolaren Babesarako Plataforma sortu dute, beste klub batzuen jokabidea modu bateratuan salatzeko. Oinarri-futboleko adina duten gaztetxoen heziketa eredua dago salaketaren oinarrian. Klub batzuk ondoko beste herri batzuetan dabiltza jokalari bila. Eta jokalari horiek eskola kirol adineko gaztetxoak dira. Plataformakoek facebook-en duten orrialdean esaten dutenez, “kirol klub batzuek eskola adineko jokalarien erabilera indiskriminatua egiten dute, euren taldeen maila handitzeko helburu bakarragaz”. Bestela esanda, gaztetxoak “klubeko prestigioa eta imagina hobetzeko erraminta moduan” erabiltzen dituzte. Era berean, gurasoen jokabidea ere salatzen dute. Euren ego pertsonalak eta frustrazioak asetzeko seme-alabak erabiltzen dituztela diote, aitzakia moduan seme-alaben ongizatea jarrita. Diotenez sarritan ez dituzte umeen iritziak kontuan hartzen eta adin horietan umeek ez dutela euren etorkizunari buruz arrazoitzeko ahalmen nahikorik gehitzen dute. Hausnarketa horiek eta gehiago jaso dituzte orain hile batzuk publiko egindako txostenean.
Gertasport eta Zaldua plataforma horretako kide bi dira. Guztira, Bizkaia mailako 40 klubetik gora daude. Iurretako klubak Durangoko Kulturalaren jokabidea salatu du eta Zalduak Abadiñorena.
Gertasportek dio Durangoko Kulturala euren bost umeren gurasoekin hartuemanetan izan dela, jokalari horiek eramateko. Azkenean ume horiek ez dira joan. Beraz, Erakundeen Arteko Akordioaren Printzipioko artikulu bat hautsi izana leporatzen diote. Artikulu horrek honela dio: ‘Kirol erakundeak zein berau ordezkatzen duten pertsonak ez dira hartuemaneten jarriko beste erakunde bateko umeen ordezkari legalekin’.
Arau hori hausten dutenekin zelan jokatu erabakita dute. Ekintza orri bat adostua dute Plataformako kideek. Hori jarraituz, Gertasportek hartueman instituzionalak zein kirol arlokoak hautsi ditu Durangoko Kulturalagaz.
Zaldua klubak erabaki bera hartu zuen Abadiño K.E-rekin martxo hasieran. Abadiño K.E. Zalduako koordinatzaileagaz hartuemanetan jarri zela diote, Zaldibarko lau ume eramateko. Hortik aurrera, artikulu berari egiten diote erreferentzia hartuemanak apurtu dituztela iragartzeko.
Bizkaia mailako arazo orokor baten adibide bi dira. Bizkaiko Eskola Kirolaren Babesarako Plataformaren facebook orrialdean beste hainbat irakurri daitezke.