Berrizen eta Zaldibarren tarifikazioaren inguruko batzar informatiboak egingo dituzte

Zaldibarko Udalak trenaren tarifikazio berrien inguruko batzar informatiboa egingo du, bihar,  19:00etan, udaletxeko plazan. Berrizen, aldiz, geltokiko plazan bilduko dira, 19:00etan, udal arduradunek azaldu dutenez. Aldunditik etorritako azken berriak herritarrei jakinaraztea da bi batzar hauen helburua.

Maiatzetik aurrera, Bizkaiko Foru Aldundiaren esanetan, Berriz eta Zaldibar Euskotreneko laugarren zonaldera bueltatuko dira berriro. Martxo hasieran eman zen jakitera bosgarrenera pasatu zituztela, eta herritarren eta udalen protesten ostean, hilabete eskasera atzera bota dute; presioak geratu du tarifikazio berria. Urtebetean bigarrenez gertatu da gauza bera. Hala ere, neurria ez da behin-betiko; Bizkaiko Mugikortasun Agintaritzak azterketa orokor bat garatuko du, eta horren baitan ikusiko dute gai honegaz zer egin.

Treneko erabiltzaileentzat prezio igoera zekarren zonifikazio berriak, batez ere Durangorako bidaietan. Horregatik, astero mobilizazio jendetsuak egin dituzte herritarrek, ehunka lagun batzeraino. Esaterako, ordaindu bako bidaiak egin dituzte, baita trena gelditu ere.

Hain zuzen, Berrizko eta Zaldibarko udalek eskertu egin dute herritarren lan hori: “Eskertzekoa da mobilizazioetan herritarrek egindako lana. Lorpen hau guztion elkarlanagaz lortu da, erakunde eta herritarren artekoagaz”.