Abadiño eta Eibarko Forum Sport denden eta Alzola Basque Wateren laguntzagaz, La Otra Miradak Mongolian zabaldu duen aniztasun funtzionaleko eskolari lagunduko diote hainbat kirolari bizkaitarrek.
Mongoliako aniztasun funtzionaleko eguneko zentroari laguntzeko, zenbait ekintza antolatu dituzte Helmugak proiektuko bultzatzaileek. Alde batetik, apirilaren 12an ura banatuko dute Eibarko eta Abadiñoko dendetan, eta, bestalde, euro baten truke errifak salduta, hilabete bukaeran futboleko bi kit zozkatuko dituzte.“Jendeari gonbita egiten diegu ekintzetan parte hartzeko”, adierazi dute Forum Sporteko kideek.
“Gure proiektuak helmuga solidario bat du, eta taldeak parte hartuko duen zenbait lasterketatan jendeari laguntzea izango dugu helburu, kirola eta euskara sustatuz”, adierazi du Koikili Lertxundik.
Bestalde, La Otra Mirada elkarteko Susana Lorenzok “oso pozik” daudela adierazi du, proiektu honetan jasotako diruagaz duela hiru urte sortzen hasi ziren eskolari jarraipena emango baitiote.
Hasiera batean bi ekintza hauek egingo dituzten arren, ekintza gehiago egitea ere helburu dutela jakitera eman dute antolatzaileek. "Udan Mongolia Bike Challenge probara goazen arren, abenduan eta 2018ko uztailean Cuba Titan Tropic eta Canada BC-an izango gara. Beraz, lasterketa horietara begira ere ekintza solidarioak antolatu gura ditugu. Azken batean gure helburua kirola, elkartasuna, euskara eta natura uztartzea baita" adierazi du Lertxundik.