Durangaldeko Gure Esku Taldeak prentsaurrekoa eskaini du gaur maiatzaren 7an Durango, Zornotza, Elorrio, Abadiño eta Zaldibarko herri kontsultetan egingo diren galderak jakinarazteko. Herri bakoitzak bere galdera propioa aukeratu du, egokiak iruditu zaizkion bideak eta metodologia parte hartzaileak erabiliz.
Herriz herri honako hauek izango dira galderak:
Durango:
⁃ Bere etorkizuna modu librean erabakiko duen euskal estatu bateko herritarra izan nahi duzu?
Elorrio:
⁃ Euskal estatu burujabe bateko herritarra izan gura dozu?
Zornotza:
⁃ Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?
Abadiño: (bi galdera)
⁃ Nahi al duzu euskal estatu burujabe baten herritarra izan?
⁃ BAI aukeratu baduzu: Nahi al zenuke euskal estatu hori independentea izatea?
Zaldibar:
⁃ Nahi duzu Euskal Herria independentea izatea?
Abadiñoko Gerediaga auzoan dagoen ermitaren parean eskaini dute prentsaurrekoa duen esangura sinbolikoagatik. "Garai batean Durangoko Merindadeak Gerediagako hemen egiten zituen batzar orokorrak. Gaur egun ere, Bizkaiko Batzar Nagusiak hartzen ditu noizerik noizera. Beraz, erabakiak hartzeko bilgunea zen eta da", adierazi dute.
Herririk herri egiten ari diren lanaren berri ere eman dute. "Gizarteko askotariko eragileen atxikimenduak batzen lan handia egiten ari gara" adierazi dute. Horren adibide da, esaterako, Elorrion udaleko alderdi guztien babesa lortu duen udal adierazpena. Edo Zornotza eta Durangoko udaletan dauden zinegotzi askok, herritar lez, galdeketari erakutsi dioten babesa. Abadiñon gaur egungo eta iraganeko zinegotziak, norbanako lez, argazki berean batuko dituen ahalik-eta deialdi zabalena prestatzen ari dira. Zaldibarren, berriz, mozio baten bidez eskatuko diote udalbatzarrari galdeketa zilegia eta demokratikoa dela adierazteko. Baina, adierazi dutenez, atxikimenduak ez dira eremu politikora bakarrik mugatzen. Kultur, kirol arloetara eta langile mugimenduetara ere zabaldu dira: Durango eta Zornotzako futbolariak, sindikatuetako ordezkariak, gazteak…
Atxondon ere galdeketa egingo dute
Orain hurrengo Zornotzan eskainitako prentsaurrekoan, Zaldibar herri galdeketen bidera batuko zela izan zen nobedadea. Gaurkoan Atxondo ere galdeketen trenera igo dela jakinarazi dute. Atxondon Gure Esku Dago Taldea sortu eta herri galdeketa egitea erabaki dute. Galdeketa hori ez da maiatzaren 7an izango, baina "ilusioz lanean" dabiltzala eta data prest daudenean iragarriko dutela azaldu dute.