Baina atzera begira ibiltzeak ez du esan gura etorkizunak kezkatzen ez dituenik. Egindako lanari nork emango dio jarraipena? Eta urteetan batutako informazioa eta materiala zelan erabili daiteke ondorengoen eredu bihurtu dadin?
Jesus Aristegi elorriarrak ideia bat planteatu du. “Durangaldean museo bat sortu beharko litzateke, ondorengoek zer gertatu zen betiko jakin dezaten”. Ideia interesgarria dela iruditu zaie mahaiaren bueltan dituen beste hainbat herritako aritu eta adituei. Nork bere herrian orain arte egindako lana azaldu ostean, Aristegiren proposamenak zeresana eragin die. Otxandioko Andikona taldeko Txomin Bengoak dio “Euskal Herrian, Bizkaian edo Durangaldean interpretazio zentro bat sortzea interesgarria” litzatekeela. Izan ere, “ezin da sinetsi horrelako ze gune gutxi dauden”, gehitu du Berriz 1936 elkarteko Maite Arrizabalagak, Bengoaren hariari tiraka. “Gernikan Bakearen Museoa dago, Elgetan interpretazioa zentro bat, eta gutxi gehiago”. Durango 1936 elkarteko Javi Conderen ustez, Gerediaga elkartea izan beharko litzateke sustatzailea. Bengoak zehaztu du Gerediagak “bazuela eta oraindik baduela horrelako zerbaiten asmoa”. Zaldibarko Castet elkarteko Gaizka Zabartek ere eskualdean gauza bateratuak egitea “ondo iruditzen” zaiola esan du. “Berba egiteko kontu bat litzateke”.
Gerediagak egindako lana eta elkarteei eskainitako laguntza goraipatu ostean, Arrizabalagak ideia horren gauzapenean sortu daitekeen traba bat aipatu du. “Sarritan elkarteek eurek elkar ulertzea gaitza izaten da. Ikusi izan ditut horrelakoak”.
Erreleboa
Aurrera begira, eurek egiten dabiltzan lanari jarraipena nork emango dion da kezkatzen dituen beste kontu bat. 2007tik hona lan handia egin ostean, Berrizen orain “indar askorik gabe” dabiltzala onartu du Arrizabalak. Condek bat egin du Arrizabalagak esandakoagaz. “Gu ere gero eta gutxiago gara. Gazteek ez dute batu gura. Egiten gabiltzan lana oso interesgarria dela esaten digute, baina inor ez da geratzen”.
Arrizabalagaren aburuz, belaunaldi berriek, oro har, “ez dute interesik” gertatu zena ezagutzeko, eta horri buelta emateko gakoa hezkuntzan dagoela uste du. Bide horretan eman dira pausoak, baina behar zena baino beranduago, agian. “Orain gaztetxoek badakite martxoaren 31n zer gogoratzen den. Baina orain 10 urtera arte… Nik neuk emakume nagusia nintzela jakin nuen Durango bonbardatu zutela”. Ildo horretatik, Bengoak jakinarazi du eskoletan zabaltzeko material didaktikoak lantzen dabiltzala aurten.
Lan sakona
Otxandion, Franco hil zen urte berean egin zuten Andikonako bonbardaketan hildakoen oroimezko lehen ekitaldia. Harrezkero, testigantzak jaso dituzte eta bizirik geratu zirenei omenaldi instituzionala egin diete.
Durangon ere lan handia egin dute hainbat urtean. Gaia ikertu eta gizarteratu ez ezik, erantzuleei erantzukizunak eskatzen ere badabiltza, Argentinako kereilara batuz edo Durango bonbardatu zuen abiazio italiarraren kontrako salaketaren bidez.
Berrizen, 2007an hasi ziren lanean, Saturrarango kartzelan sei berriztar egon zirela jakitean. Harrezkero, esaterako, epaituak izan ziren berriztar gehienen sumarioak jaso eta senitartekoei eman dizkiete.
Durango eta Otxandio ez ezik, Elorrio ere bondardatu zuten Gerra Zibilean, baina oraintsu arte ez da askorik sakondu. Aurten, lan talde bat batu da eta hainbat ekintza prestatu ditu 80. urteurrenaren harira.
Zaldibarren ere lan handia egin dute Castet elkartetik. Santamañezarreko borroka ikertzen zein zaldibartarrek gerran zein ostean jasandakoak jaso eta zabaltzen. Oraintsu Santamañezarreko lubakiak garbitu dituzte. Aurrera begira, han lurperatuta daudela usten den gudari eta milizianoen gorpuei buruz gehiago jakiten saiatuko dira.