Martxoak 31

Martxoaren 31ko bonbardaketaren inguruko gogoetak

Anboto 2017ko mar. 31a, 10:50

Ezkerretik hasita, Guenetxea, Barreña, Gorosarri, Zugaza eta Arrinda

Aste honetan, Jone Guenetxeak, Andoni Barreñak, Maria Gonzalezek, Miguel Zugazak eta Pedro Pablo Arrindak martxoaren 31ko bonbardaketaz idatzi dute.

 MIGUEL ZUGAZA MIRANDA (Arte Ederren Museoko zuzendaria)

Arte Ederren Museoko zuzendaria

Oraindik ere harritu egiten nau nolako naturaltasunez egiten den, urtero, 1937an Durangon izandako bonbardaketetako gertakari larrien oroimen publikoa. Gure seme-alabek ezagutzen dute abiazio italiarrak bando nazionalaren zerbitzura egindako atentatu basatiaren istorioa, eta gainera, orain badakigu bonbardaketa hori gaur egungo gerretako lehenengoetakoa eta suntsitzaileenetakoa izan zela populazio zibilaren aurka.

Harritu egiten nauela diot,  haurrak ginenean, frankismo garaian, ez zelako gertakari horiei buruz hitz egiten, ezta gerrari buruzkoei ere, ez etxean, ez eskolan. Egia esan, historiako liburuetan ere ez zen ezer aipatzen.

Oraindik gogoan dut nolako eragina izan zuen nigan ETBk ekoiztutako dokumental batek. Herritar ezagunen artean, Demetrio Arrinda eta Carmen Gorrotxategi zeuden, gure ikaskide eta jolaskide izandako Pedro Pabloren eta Xabierren gurasoak. Harrigarria egin zitzaidan haiek etxeko sofan eserita ikustea, berezkoa zuten apaltasunez, sekula kontatu ez zutena kontatzen. Kontatu ziguten euren atsekabe eta heriotz esperientzia, haurtzoaroa bat-batean eten zien egun hartako esperientzia latza: Demetrioren arreba baten heriotza Andra Marian, eta Carmenen neba baten heriotza, Jesuitetan meza-mutil aritzen zenarena.  

Hala ere, euren kontakizunean ez zegoen gorroto edo erremin izpirik. Eurei entzunda, biktimen garaipena etorri zitzaidan gogora. Eta, isiltasunak, beldurragatik edo errespetuagatik, garaipen hori geroratu baino ez du egiten, egun batean hitzak agertu arte. Egun horretan egia azaleratzen da, omenaldi itxuran. Lezio bat biktima guztientzat, eta betiko.

___________________________________________________________________________________________________

JONE GUENETXEA ARRINDA (ANBOTOko zuzendaria)

Amama Manuela

Manuela Anastasia Zuazua, nire birramama, hiru semegaz alargun gelditu zen. Familiaren eta baserriaren ardura bere gain hartzea gutxi balitz, bere senarrak utzitako zorrei ere aurre egin behar izan zien. Dirutxo bat ateratzeko, baserri inguruko sagarrak eta makatzak Durangoko merkatura saltzera joatea erabaki zuen. Astoa hartu eta Gerediaga auzotik Durangora abiatu zen 1937ko martxoaren 31n. Merkatuan zegoela, sirena hotsak entzun zituenean Murueta inguruan babestu zen. Kontatzen dutenez, astoa, kaosaren erdian, amama baino lehenago heldu zen etxera, bere kabuz. Pena da amama Manuela ezagutu ez izana, istorio hau bere ahotik entzuteko.

Bonbardaketaren hainbat lekukogaz berba egiteko aukera izan dut azken urteotan. Denek hunkitu naute, salbuespenik barik. Bereziki akorduan dut Maitena Belaustegigoitia. Lehen bonbak jaurti zituztenean, Maitenaren aitari esan zioten Ixiar ahizpa Jesuitetara joana zela, mezetara. Aita bertara joan zen eta alaba lurrean aurkitu zuen, larri zaurituta. Oraindik bizirik zegoen. Aita arnasa ematen saiatu zen, baina ezin izan zuen ezer egin Ixiar salbatzeko. Elkarrizketa amaitu eta Belaustegigoitiatarren egongelako gortina zabaldu nuen. Aurrez aurre Jesuiten eraikina zegoen. Oso gertu.

Lekukotzak dira egun hartan bizitako izua eta terrorea hurrengo belaunaldiei ulertarazteko modu bakarra. Urteetan isilarazitako transmisioaren sokak etenik ez izateko bidea dira. Bada, egin dezagun bidea Alberto, Paco, Demetrio, Jone, Maitena, Juanito, Iñaki eta beste askoren bizipenekin osatutako memoria ez ahazteko. Ezin ditugulako ahaztu. Eta ez ditugulako ahaztu gura.

___________________________________________________________________________________________________

PEDRO PABLO ARRINDA GORROTXATEGI (Irakaslea)

Durangoko bonbardaketa

Bonbardaketari buruzko hurbilketa modu askotara eman daiteke. Badaukagu ikuspuntu historikoa: ikerketaren metodoan oinarrituta, zientifikoa esango nuke. Zehaztasunez egindako bidea da eta eztabaidarako aukera askorik ematen ez duena. Ezagunak dira, zentzu honetan, Gerediaga elkarteak eta Jon Irazabalek egindako makina bat ekarpen interesgarri eta argigarri.

Bestetik, ez dugu ahaztu behar perspektiba ideologikoa ere badaukagula. Kasu honetan, gertatutako pasarte historikoak aztertzerakoan,  gure gogo eta pentsamoldeekin bat egiten dugu: izandako ekintzak onartzera edo gaitzestera garamatzan bidea da, balorazio etikoetara hurreratzen dena, eztabaidarako zelai emankorretan sartzen gaituena, azken finean. Eta ematen ez badu ere, alde objektibo nabarmenak izan ditzakeena: Giza Eskubideen errespetua, esaterako. Kasu honetan eskertzekoa da Durango 1936 elkartea egiten ari den lan bikaina.

Baina bonbardaketaren urteurrenean hirugarren bide bat aipatzea gustatuko litzaidake: sentimenduak gerturatzearena. Ez da metodo zientifikoan edo ikuspuntu ideologikoan oinarritzen, pertsona bakoitzak bere barnean sentitzen duen ezintasunean, atsekabean eta tristuran baizik. Isiltasunez eramaten diren malko ikusezinetan alegia. Horientzat dira lerro hauek.

___________________________________________________________________________________________________

 ANDONI BARREÑA AGIRREBEITIA (Durango 1936 elkartea)

1937ko Durangoko eta Elorrioko bonbardaketez haratago

Ascensión Badiolak idatziriko Cárceles y campos de concentración en Bizkaia izeneko liburua irakurri berri dut, eta bertatik datu batzuk atera ditut errepresio faxistaz.1933an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 929.539 lagun bizi ziren, eta 1930ean 345.883 nafar Nafarroan.

Eusko Jaurlaritzak honako datuak kaleratu zituen 1938an faxistek eragindakoaz: 200.000 euskal herritar erbesteratuak, 9.150 preso Araban, 29.350 preso Bizkaian, 14.500 preso Gipuzkoan, 16.000 preso Nafarroan, 6.300 preso Santoñan, 30.000 Espainiako eta Afrikako diziplina batailoietan eta kontzentrazio eremuetan. Guztira 305.300.

Kontaketa honetan ez ditut aipatu, ez frontean hildakoak, ez bonbardaketetan hildakoak, ez fusilatuak, ez desagerraraziak. Eta milaka eta milaka izan ziren. Badiolak Bilbon 583 epaitu eta fusilatu zerrendatzen ditu.

Norberak atera ditzala kontuak, baina ez da zaila ondorioztatzea lau euskal herritarretik batek oso latzak bizi behar izan zituela. Eta hori, gerra-egoera, bonbardaketa-egoera eta (euskararekiko eta askatasunarekiko) errepresioa kontuan hartu barik.

Nork eskatu du barkamena basakeria honegatik? Norbait izan da epaitua? Norbaitek egun bat egin du kartzelan honegatik? Nork ezkutatu du eta ezkutatzen du egia? Nork ez die kalteak ordainarazi faxistei? Zergatik? Ahanzturak osatzen duelako? Horrixegatik?

Ba al dakite gure gazteek euren aitita-amamak bizi izan zuten errealitate hau? Ba al dakite hiltzaile eta errepresoreak aberastu baino ez zirela egin?

___________________________________________________________________________________________________

MARIA GONZALEZ GOROSARRI (Kazetaria)

Umiliatuen etsipena

1989an, hamaika urte nituela, Durangoko Udalak Iratin antolalutako udalekuetara joan ginen klasekide batzuk. Han, begirale batek inork ez zekien zerbait esan zigun: 1937an faxistek Durango bonbardatu zuten. Iratitik bueltan, amamari galdetu nion:
- “Egia da Durango bonbardatu ebela?”
- “Baina gerran…”, den-dena onargarritzat jo behar izan zuten sasoian.
- “Ba, Araceliren semeak eta Zabalatarrak musika talde bat egin dabe eta bonbardaketaz kanta bat daukie.”
- “Zertarako!”, umiliatuen etsipenaz.

Hamaika urtegaz ez nuen erantzuten asmatu Martxoak 31 musika taldearen ibilbideak belaunaldi bat kontzientziatzeko balioko zuela. Egunen batean justizia eskatuko zuen gazteria trebatzeko. Durangoko Udala faxistak epaitzeko Argentinako kereilara batu zedin indar zibila osatzeko. Azken batean, hildakoak ahanzturaren hobi komunetik aterako ditugula zin egiteko. Hau da, haiek 1937an borrokatu ziren aldeko ideiak gure egin ditugula.

Aurten, 80. urteurrenean oroimena berreskuratuko badugu, M-31 musika taldeari ere zor diogu: Alberto Gallego Zabala, Andoni Ruiz Larringan, Iban Gorriti, Iokin Elortza eta Jonan Hernández.

Aldiz, martxoaren 31n, Durangoko Udalak gerran hil ziren faxistak borrokalari antifaxistekin batera omentzen jarraitzen du kanposantuan, erasotzaileak eta erasotuak berdinduz. Durango 1936 Kultur Elkarteak hamar urte daramatza udalari kanposantuko ekitaldi horretan faxistarik ez omentzeko eskatzen. Oroimenaren berreskurapenagaz batera, umiliatuen etsipena ere geure-geurea dela egiaztatu dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!