Otxandiotik Euskal Herrira zabaldu da Korrika, jendetza batu duen hasieran

Anboto 2017ko mar. 30a, 19:45

Hasierako ekitaldian plaza jendez lepo. (Argazkia: AEK)

Eskualdean lehenengoz eman ditu lehen pausoak Korrikak; 16:00etarako beteta zegoen herriko plaza.

Bi urterik behin, ilusioz eta indarrez betetako herri olatu batek zeharkatzen du Euskal Herria, euskara lau haizetara zabaltzeko asmoz. Aurten hogeigarren edizioa bete du Korrikak eta Durangaldean berezia da, gainera. Izan ere, eskualdean lehenengoz eman ditu lehen pausoak, Otxandion. 17:00etan eman diote hasiera, jendetza batu den plazatik. Aurretik, jai-giroan ibili dira otxandiarrak goizean hasita. 16:00etarako beteta zegoen plaza. Alberto Barrondok egindako lekuko erraldoiak arrakasta itzela eduki du, askok atera baitituzte argazkiak bertan.

Otxandion gogotsu ibili dira lanean eguneko egitaraua osatzeko, lan taldetan banatuta. Dozenaka herritarrek parte hartu dute antolaketan, eta, horrela, giroa berotu dute herrian ere. Gaurko hasiera ekitaldian ere otxandiar bat egon da aurkezle: Koikili Lertxundi futbolari ohia. Zuriñe Iarritugaz batera burutu ditu anfitrioi lanak. “San Mames beteta ikusteak beldurtzen du, baina Otxandioko plaza beteta ikusteak gehiago”, esan du Lertxundik.

Mikel Urdangarin abeslariak eta Urko Mitxelena dantzariak kutsu kulturala eman diote, eta AEK-ko artezkaritzaren izenean Iñaki Urkijok egin du berba. Eskerrak eman dizkie herririk herri Korrika batzordeetan lanean dabiltzan euskaltzaleei. “Animo herriz herri Korrikaren magia zabalduko duzuen guztiei”, adierazi du Urkijok.

Aniztasunean batuta

Batzuk da edizio honetarako antolatzaileek aukeratu duten lema, batasuna eta aniztasuna aldarrikatzeko. “AEK-k Euskal Herri euskalduna du helburu, askotariko mundua duelako amets. Hizkuntza eta hiztun guztiak berdintasunean biziko diren Euskal Herria eta mundua gura ditu”. Munduan hizkuntza baten alde egiten den ekimen handiena da, Zuriñe Iarrituk gogoratu duenez.

Apirilaren 7an, berriro

Otxandiotik Gasteizerantz joan da Korrika, eta datorren barikuan berriro ere eskualdetik pasatuko da. Zornotzan sartuko da, 17:30 bueltan, eta 21:55ean helduko da Mallabira, Durangaldeko azken metroak egiteko.

Herririk herri askotariko ekintzak prestatu dituzte, euskararen aldeko lasterketa jai handi bat bihurtzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!