Berrizko eta Zaldibarko erabiltzaileak treneko tarifa berrien aurka mobilizatu dira

Jone Guenetxea 2017ko mar. 17a, 21:06

Bizkaiko garraio publikoaren zonifikazio eta tarifikazio berriek Berrizko eta Zaldibarko erabiltzaileentzat prezio igoera eragin dute. Bi herri hauetako erabiltzaileak protesta moduan, trena hartu eta Durangora joan dira ordaindu barik, gaur arratsaldean. Era berean, Berrizko eta Zaldibarko Udalek tarifikazio honen aurkako mozioa onartu dute.

Duela ia urtebete, Euskotrenek zonifikazio aldaketa egin zuen, Berriz eta Zaldibar laugarren zonaldetik bosgarrenera pasatuz. Horrek, bi herrietako erabiltzaileei Durangaldeko gainontzeko herritarrek baino gehiago ordaindu behar izatea ekarri zien.  

Hala ere, bi herrietan egindako protestei eta udal biek jarritako erreklamazioei esker, Euskotrenek berriz ere laugarren zonaldera pasatu zituen bi herriak ekainean.

Joan zen astean Berrizko eta Zaldibarko udalek jakitera eman zutenez, Euskotrenek ekainean hartutako behin behineko erabakiarekin bukatu eta zonifikazio berria onartu zuen, berriz ere, bi herriak bosgarren zonaldera pasatuz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!