Gurrutxaga: “ETB3n Europako lehenengo telebista izan ginen txioak ateratzen”

Aitziber Basauri 2017ko mar. 19a, 10:30
Iñaki Gurrutxaga Ugalde

Euskaraz eta gaztelaniaz bezain ondo egiten du katalanez ‘eitb.eus’ atariko entretenimenduzko edukien arduraduna denak, Bartzelonan egin zuen-eta nerabezaroa. Jarraian ez, baina, bueltaka, 1987tik bizi da Durangon ETB3 katearen sorreran parte hartu zuen euskaltzale hau.

Irura, Durango ala Iurretakoa?
Tolosakoa. Han jaio nintzen. Horri Bartzelona gehitu behar zaio. Bertan egin nituen-eta nire urte politenak. Sei urte nituela joan ginen familia osoa hara, eta 20 urte nituela bueltatu ginen, Irurara. Nerabezaro osoa Bartzelonan bizi nuen. Lagun minak Bartzelonakoak ditut.

ETB3 katearen sorreran ere parte hartu zenuen?
Bai. Aurrera egin ez zuen arren, 2006an ETB4 izango zena martxan jartzeko proiektua egin genuen. Hortik ateratako zenbait kontzepturekin jarri genuen martxan ETB3, 2008an, kultura, haurrak eta gazteak ardatz hartuta. Europako lehenengo telebista izan ginen txioak ateratzen. Horrelako esperimentuak egiteko parada izan genuen. Hala ere, 2013an, zuzendaritzak ETB3 haurrentzat soilik izatea erabaki ostean, utzi egin nuen.

Zaila da umeentzako kalitatezko programazioa lantzea?
Diruarekin, ez. Produktu onak daude, baina garestiak dira. Beste gauza bat dira bertoko ekoizpenak: hori oso garestia eta osoa zaila da. Zaila da gauza onak produzitzea umeentzat.

Are zailagoa euskaraz?
Bai, baina, zorionez, adin tarte hauetan ez dago zalantzarik.

Oso kritikoak dira umeak?
Bai, eta ondo dago oso kritikoak izatea.

Nerabeen guraso lez, nola bizi duzu ‘Goazen’ fenomenoa?
Poz pixka batekin batetik, barikuetan apur bat bakean utzi izan gaituztelako (barrez). Harritu egin gaitu pixka bat. Aurreko edizioa ondo joan zen, baina ez zen halako fenomenorik sortu. Gainera, beste adin tarte batera zuzendutako ekoizpena izanik, harritu egin gaitu 8-10 urteko umeak nola mendera erori diren.

Islatutako ereduak direla-eta zer esana sortu du.
Bai. Ikusita fenomenoak hartu duen garrantzia, oraindik ere zenbait gauza ardurarekin hartu behar direla ikusi dugu. Transmititutako ereduak guztiz xurgatzen dituzte umeek.

‘GuTaGutarrak’ gazteentzako programak zein gogoeta sortzen dizu?
Hori al da gazteei eskaini diezaiekegun produkturik jatorrena? ETB3ren sorrerako sasoian ere nire kezka nagusia gazteak ziren. Beraientzako saioak ekoizteko esparru bat izan genuen, esperimentatu  egin genuen...  

Internetek eta sare sozialek hartu duten abiadurak kontsumo ohiturak aldatu ditu, ez da hala?
Aldaketa izugarria eman da. Ez bakarrik gazteen artean, baita helduen artean ere. Duela urte bi ikusi genuen, adibidez, El conquistador del fin del mundo produktu izarrarekin. Askok eitb Nahieran ikusten zuten, telebistan ez ezik. Nabarmena izan zen aldaketa, eta mantendu egin da, beste saio batzuetan ere bai. Internetek beste euskarri batzuk eskaintzen ditu edukiak lantzeko. Hala ulertu behar da, ez lehia bat lez.

Anaia duzu DJ Bull. Musikazalea zara zu ere?
Bai, egia esan, oso musikazalea naiz. DJa izan naiz, baina, etxean bakarrik.

Guraso elkarteek ez dakite zer egin gurasoak erakartzeko. Ez da zure kasua.
Ez, eta ezta gure eskolakoa ere. Eskola publikoaren erabat aldekoa naiz. Durangon bizita, Iurretara joateko aukera genuen, eta hala egin genuen, eskola txikia zelako eta gertuago genuelako. Uste genuen guk ere eragin genezakeela umeen hezkuntzan, eta hala izan da. Gozamena da seme-alaben heziketan eragiteko aukera izatea.

Tolosan izan zara aurtengo inauteritan?
Bai, batez ere inauteriengatik naiz Tolosakoa. Odolean daramat. Munduko gauzarik onena dira inauteriak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!