“Aurretik lan handia egin beharra dago emanaldi egunekoa sinplifikatzeko”

Itsaso Esteban 2017ko mar. 18a, 10:30

Martxoaren 19an, Bilboko Loraldia jaialdian aurkeztuko du Logela Multimedia Elorrioko taldeak ‘Drag.E’ izeneko ikuskizun berria. Ander Garaizabalen ahotik jaso du ANBOTOk lan horren berri.

‘Drag-E’ sortzeko, inoizko lantalde handiena osatu duzue.
Bai, lehen ere beste konpainia batzuekin elkarlanean jardun izan gara, baina oraingoan teatroaren arloa gehiago lantzea gura genuen, eta horregatik joan gatzaizkio Dejabu Panpin Laborategiari laguntza eske. Asko lagundu digute gidoiari eta dramaturgiari dagokienez. Oso babestuta sentitu gara, eta oso gustora jardun gara inoiz sortu dugun obrarik konplexuena den hau sortzen.

Ikuskizuneko ideia nagusia, bideoak eta musika sortu dituzue Logelako kideek.
Bai, ikuskizuneko musikak eta bideo animazioak landu ditugu Imanolek, Karlosek, Jonek eta laurok. Proiektura batu den jende guztia koordinatzeaz eta zuzendaritza orokorraz ere Logelakook arduratu gara.

Noiz hasi zineten ikuskizuneko ideiari forma ematen?
Zaila egiten zaigu ideia bat noiz sortu den esatea. Baina badira bi urte ideari bueltak ematen gabiltzala. Azken urte honetan, buru-belarri ibili gara ideia hori lantzen.

‘Wall-E’ filmean inspiratutakoa da ikuskizuneko ideia?  
Pelikula horren hasierako pasartea abiapuntu hartuta, bestelako gidoi bat eta estetika bat sortu ditugu. Wall-E bezala, Drag-E ere 2800. urtean kokaturiko istorioa da, eta filmean bezala, ez dago naturarik munduan. Egoera horri, dramatik barik, umoretik eta zientzia fikziotik begiratu gura izan diogu gure ikuskizunean.

Animaziozko irudiak, aktorea, robota... elementu asko ikusiko ditu publikoak oholtzan.
Bai, multimedia ikuskizuna da, diziplina desberdinak planteatzen dituena. Batetik, egitura mugikor nahiko handi batean egongo da zenbait forma hartzen dituen pantaila nagusia, eta irudiak proiektatuko dira han. Antzerkia lehenengo mailan egongo da, Sara pertsonaiaren eskutik, eta musikagaz, dantza koreografiekin eta robotekin interakzioan jardungo da. Elementu horiek guztiak orekatzea izan da erronka. Nahiko istorio konplexua da, eta gure helburu nagusietako bat umeek ulertuko dutela bermatzea izan da.

Umeentzat ezezik helduentzat ere interesgarriak izan daitezkeen osagaiak ere badauzka ikuskizunak.
Bost urtetik gorako umeek ulertzeko moduko ikuskizuna sortu gura izan dugu, baina, era berean, ez da umeentzat bakarrik. Publiko familiarrari zuzenduriko lana da, eta umeentzako ikuskizunak programatzen diren ordutegietan emateko pentsatu dugu. Batez ere arte eszenikoekiko kuriositatea duten helduentzat interesgarria izan daiteke. Gure beste ikuskizun batzuekin gertatu zaigu, gurasoek “ze ondo pasatu dugun denok!” esatea, eta horrek badu balio bat.

Teknikoki zailtasun handiko lana ematen du.
Teknikoki erronka handia da zuzeneko emanaldi batean hainbeste elementu uztartzea, bai. Aurretik lan handia egin beharra dago emanaldi eguneko jarduna sinplifikatzeko. Edozelan ere, guretzat erronkarik handiena istorio on bat sortzea eta elementu guztiak ondo uztartzea izaten da.

Ikuskizuna “helduta dagoenean” eskaini gura dute eskualdean

Taldearen 15 urteko ibilbidean Logela Multimediako sortzaile elorriarrek publiko familiarrarentzat sortu duten hirugarren ikuskizuna da Drag-E. Domekan, Bilboko Loraldia kultur programazioaren barruan estreinatuko dute lana. Azkuna zentroko auditorioan izango da emanaldia, 12:30ean. “Lana ezagutzera emateko aukera” moduan ikusten du Ander Garaizabal taldekideak estreinaldia Loraldia jaialdian egitea.

Eskualdera, udazkenean
Garaizabalek azaldu duenez, aurkezpen biraren norabidea aldatu du, oraingoan, Logela Multimediak. Aurreko lanak Durangaldean estreinatu ondoren eskaini izan dituzte Euskal Herrian zehar, eta Drag-E lan berri honegaz aldrebes egingo dute: estreinaldia Bilbon egin eta gero, Euskal Herrian zehar ibiliko dira lehenengo, eta urritik aurrera eskaini gura dute Drag-E Durangaldean. Elorrioko Arriolan ibili dira antzezlana sortzeko entseguak egiten, Logelakoen herriko antzokian, eta bertan eskainiko dute emanaldia, urriaren 22an. “Guretzat publiko oso inportantea da Durangaldekoa, eta oraingoan hainbat emanaldi egin ostean, lana heldua dagoenean gura dugu hemen eskaini”, diote.

Etziko estreinaldira begira, Elorrioko ikasle eta irakasle talde baten aurrean eskaini zuten ikuskizun berria, proba modura. Pozik daude Logelakoak, ikusi zuten ume zein helduei gustatu zitzaielako naturarekiko begirunea trasmititu gura duen ikuskizun berria.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!