Durangaldeko sortzaileen uzta oparoa Bilboko Loraldian

Anboto 2017ko mar. 10a, 12:00
'Drag.E' ikuskizun berria estreinatuko du Logela Multimeda Elorrioko taldeak, Bilboko jaialdian.

Durangaldeko sortzaileek presentzia nabarmena dute martxoaren 7tik apirilaren 8ra arte Bilbon, hirugarren urtez, egiten diharduten Loraldia programa kulturalaren barruan.

Atzo, Gorputza Eszenan izenburuko solasaldian parte hartu zuen Berrizen bizi den Ander Lipus aktoreak, Onintza Enbeita bertsolariagaz, eta Inun musikari zornotzarrarena izango da Durangaldeko artista baten Loraldia festibaleko hurrengo parte-hartzea: Hiri hori da hiri hau emanaldia eskainiko dute, martxoaren 16an, 19:30ean, Azkuna Zentroan, Lutxo Egia idazle bilbotarrak eta Inun-ek.

Elorrioko Logela Multimedia taldeak ere parte hartuko du Bilboko Loraldian. Drag.E lan berria estreinatuko du, martxoaren 19an, 12:30ean, Azkuna Zentroan. Ume zein helduei zuzenduriko ikuskizuna da, antzerkia, dantza, musika, bideoa eta robotika uztartzen dituena.

Miren Amuriza berriztarrak eta Irati Eguren durangarrak, bestalde, Bainera bete itsaso album ilustratua aurkeztuko dute Loraldian. Martxoaren 21ean, Zamudio atariko Elkar liburu-dendan izango dira.

Izaro mallabitarraren kontzertu akustikoa ere jasotzen du Loraldiaren hirugarren edizioko programazioak: apirilaren 1ean, 19:00etan, joko du Erronda kaleko Biba! tabernan. Horren aurretik, martxoaren 26an, hainbat musikarik Pete Seeger kantariaren omenez eskainiko duten emanaldian ere parte hartuko du, gainera, Izarok.

Azkenik, Mikel Urdangarin zornotzarrak Loraldia itxiko du, apirilaren 8an. Eskutik eskura diskoa aurkeztuko du, Campos Elíseos antzokian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!