Paleta goman gaur egungo izarretako bat da. Esku pilota, aldiz, Master Cuparen harira berreskuratu duen modalitatea du. Behin adin batera heldu zenean, esku pilotan aritzeko beste neskarik ez eta paleta goman hasi zen. “Txapelketa honi esker, utzita nuena berreskuratu dut. Alde horretatik, niretzat ona izan da”.
Zornotzako finala
Emakumeen Master Cup txapelketako finalak domekan 12:00etan hasiko dira, Zornotzako pilotalekuan. Elite mailan Leire Etxanizek eta Olatz Arrizabalagak Nagore Arozena eta Maider Mendizabal gipuzkoarren kontra jokatuko dute. “Final gogorra ikusten dut, baina guk orain arteko maila ematen badugu irabazteko aukerak ditugu”, uste du Etxanizek. Kantxa barruko lehiagaz haratago, txapelketa bera eta izaten ari den oihartzuna emakumeen pilota sustatzeko baliagarriak direlakoan dago. “Txapelketa honi esker jendeak gehiago ikusi du emakumea eskuz jokatzen. Orain arte ez da horrela izan. Ea honegaz apurka gauzak aldatzen hasten diren”.
Bihar paleta goman
Etxanizek bihar jantzi dezake asteburuko lehenengo txapela. Mallabiko pilotalekuan paleta gomako finala jokatuko du 19:00etan hasiko den jaialdian. Nagore Martinegaz osatuko du bikotea, eta Arrizabalaga eta Mendizabal izango dituzte kontrario elite mailako finalean.