Gure Esku Dago

Maiatzaren 7a, erabaki gura dutenen eguna

Anboto 2017ko ots. 17a, 09:20

Ezkerritik hasita, Iruarrizaga, Ingunza, Eguen, Lizundia eta Maortua.

Durangon, Zornotzan, Elorrion, Abadiñon eta Zaldibarren herri galdeketak egingo dituzte maiatzaren 7an. Durangaldeko Gure Esku Dago taldeak lehenengo agerraldia egin du, asteon, data gogoratu eta herrietako gaurkotasuna azaltzeko.

Andoni Iruarrizaga (Durango): “Gero eta gehiago gara, baina erronkaren tamaina ikusita jende gehiago behar dugu”

Zeintzuk dira zuen hurrengo pausoak?
Galdeketa egunari begira lan taldeak osatu ditugu jada. Tartean, galdera erabakiko duen taldea. Talde honek formakuntza saio batzuk jasoko ditu, eta martxoaren amaierarako galdera prest egongo da.

Jende nahiko zabiltzate?
Gero eta gehiago gara, baina erronkaren tamaina ikusita herritar gehiago behar dira. Ez  da ahaztu behar ekimen herritarra dela eta ez duela ez alderdi eta ez erakundeen laguntzarik. Gu martitzenero 19:00etan batzen gara Artekalen dugun lokalean, lehengo Hitz liburudendan. Atea irekita dago.

_________________________________________________________________________________________________________

Maite Ingunza (Zornotza): “Martxoaren 25ean egun osoko jai bat antolatzeko lanean gabiltza”

Hainbat ekimen antolatzen zabiltzate, ezta?
Bai. Alde batetik, lau otzara eder osatu ditugu herriko dendei esker, eta errifak atera ditugu. Bestetik, hilero herritarren aurrerako ekitaldi bat egitea erabaki dugu, giroa animatzeko. Esaterako, martxoaren 25ean egun osoko jai bat antolatzeko lanean gabiltza: mendi taldeak antolatutako martxa, musika kontzertuak…

Gazte dezente dabil taldean.
Galdera erronka handiegia zen sasoi batean genbiltzanontzat. Horregatik, herritarrei dei egin genien eta batzarrera 35 bat lagun batu ginen, asko gazteak. Pozgarria izan zen.

_________________________________________________________________________________________________________

Ima Eguen (Elorrio): “Zubiak eraikitzeko balio izan digu, eta horregatik jada merezi izan du”

Beharrezkoak ziren 700 sinadurak batu dituzue.
Pozik gaude, baina ez dugu 700egaz konformatu gura. Galdeketa egin duten herrietan esaten dute zenbat eta sinadura gehiago batu, partaidetzan igartzen dela. Beraz, martxoaren 10era arte ekingo diogu. Kanpaina antolatzen eta boluntario bila ere bagabiltza.

Zergatik parte hartu?
Partaidetza oso ona bada, politikariek ezingo dute beste aldera begiratu. Eragina eduki dezake. Bestalde, Elorrion, tentsioa baretu eta zubiak eraikitzeko balio izan digu, eta horregatik jada merezi izan du lan egitea.

_________________________________________________________________________________________________________

Ibon Lizundia (Abadiño) : “Galdeketa antolatzea denon arteko elkarlana izan dadila gura dugu”

Sinadura bilketa amaituta, zer duzue esku artean?
Alde batetik, maiatzaren 7ra begirako galdera erabakitzeko prozesua hasiko dugu. Bide horretan, martxoaren 9an herri batzar batera deituko dugu, eta osagaietako bat galdera erabakitzea izango da. Beste hainbat konturi buruz ere jardungo dugu batzar horretan.

Herri galdeketako talde sustatzailea astero batzen da?
Eguenero, 19:00etan,Traña-Matienako Trañaetxoste kalean dugun lokalean batzen gara. Gura duten denentzat atea irekita dugu. Galdeketa antolatzea denon arteko elkarlana izan dadila gura dugu.

_________________________________________________________________________________________________________

Ibaia Maortua (Zaldibar): “Herritar talde bat batu gara, eta ilusioz eta gogotsu lanean gabiltza ”

Zaldibarren oraintsu sortu duzue taldea.
Bai, herritar talde bat batu ginen, eta herri galdeketa egiteko lanean hastea erabaki genuen. Ilusioz eta gogotsu lanean gabiltza.

Herritarren aurreko aurkezpenik egingo duzue?
Otsailaren 24an, datorren barikuan herri aurkezpena egingo dugu Lehendakari Agirre plazan. 18:30ean hasiko da. Herriko askotariko elkarteak gonbidatu ditugu, eta baita udalean ordezkaritza duten alderdi politikoak ere. Ekitaldi anitza izan dadila gura dugu. Eta, jakina, herritar denak ere gonbidatzen ditugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!