Durango, Zornotza, Elorrio, Abadiño eta Zaldibarrek erabakitzeko eskubidea gauzatuko dute maiatzaren 7an

Anboto 2017ko ots. 15a, 21:08

Gaurko ekitaldiko irudia.

Durangaldeko Gure Esku Dago Taldeak prentsaurrekoa eskaini du Zornotzako pilotalekuan.

2017ko maiatzaren 7an herri galdeketak egingo dituzte Durangaldeko Durango, Zornotza, Elorrio, Abadiño eta Zaldibar herrietan. Erabakitzeko eskubidearen aldeko Gure Esku Dago dinamikak sustatuta, Euskal Herriko status politikoaren inguruan galdetuko zaie herritarrei.

"Dinamika bakoitza autonomia osoz lantzen ari da bere herrian galdeketara arteko bidea, nork bere errealitatea eta denborak dituela ulertuta. Baina abiadura desberdinak izanagatik, denak bidelagun gara eta norabide zein helmuga bera dugu: maiatzaren 7ko herri galdeketa. Hain zuzen, gaur lehenengo agerraldia duen Durangaldeko Gure Esku Dago taldeak helburu komun horri erantzuten dio. Eskualdeko ikuspegia eta koherentzia eman gura dio mugimenduari", azaldu du prentsaurrekoan Saioa Eguskiza Zornotzako Gure Esku Dago elkarteko kideak.

Durango, Zornotza eta Abadiñon herri galdeketara begirako sinadurak batu dituzte azken bi-hiru hileetan. Hiru herriek hasieran markatutako helburuak bete dituzte eta herritarren partetik jasotako sostenguagaz, herri galdeketaren bidea berretsi dute. Orain galdera bera (herritarrei zer galdetuko zaien) aukeratzeko prozesua hasiko dute. Lan honetan ere herri bakoitzak bere prozesu propioa aurrera eramango du.

Elorrion urtarrilean hasi ziren sinadurak batzen ekitaldi jendetsu baten ostean. Elorrioko Gure Esku Dagoko kideek asteon jakinarazi dute, hilabete baino gutxiagoan, herri galdeketa egiteko behar zuten sinadura kopurua lortu dutela. Gutxieneko sinadurak bildu dituzten arren bilketarekin jarraituko dute.

Zaldibar oraintsu batu da herri galdeketen bagoira, baina herritar talde bat lanean gogotsu dabil maiatzaren 7ra begira. Otsailaren 24an, datorren asteko ostiralean, herri aurkezpena egingo dute. Lehendakari Agirre parkean izango da, 18:30ean.

Durangalde mailako agenda bat sortzen ere badabiltza. Aurrekanpainan indarrak batuta jardungo dute alderdi askotan. Ekimen horien berri datozen asteetan emango dute. Aurreratu dutenez Durangon hitzaldi bat aurreikusita dago martxoan. Emakumezko hiru aurpegi ezagunek erabakitzeko eskubidearen gainean jardungo dute Plateruenean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!