Kros laburrean emakume korrikalaririk onenak Durangaldean daude

Joseba Derteano 2017ko ots. 13a, 10:37
Bilbao Atletismo Santutxuko Iraia Garcia, Irene Loizate eta Gurutze Frades (Argazkia: bilbaoatletismosantutxu.com)

Iraia Garcia zornotzarrak, Irene Loizate durangarrak eta Gurutze Frades iurretarrak osatu zuten atzo Berrizko podiuma.

Atzo Kros Laburreko eta Beteranoen Euskadiko Txapelketa jokatu zuten Berrizen. Emakumeetan Durangaldeko hiru kroslari izan ziren protagonista nagusiak. Hirurak Bilbao Atletismo Santutxu talde indartsuan dabiltza. Iraia Garcia zornotzarrak Euskadiko txapelketa irabazi zuen. Bigarren tokian helmugaratu arren, bera izan zen lehenengo euskalduna 15.31ko denboragaz. Irene Loizate promesa mailako durangar gazteak zilarrezko domina eskuratu zuen denboraldiko bere lasterketarik onenetakoan: 15.44. Promesa mailako onena izan zen. Elite mailako podiuma Gurutze Frades iurretarrak osatu zuen: 15.52.

Gizonetan, Txomin Marañon durangarra hirugarren sailkatu zen nagusietan eta promesen mailan onena izan zen (13.09). Ekaitz Kortazar eta Oier Ariznabarreta zazpigarren eta zortzigarren helmugaratu ziren, hurrenez hurren.

Askotariko mailatan, Durangaldeko beste hainbat korrikalari ere nabarmendu ziren. Esaterako, Eider Gorritxategi (Durangalde Runnning) hirugarren sailkatu zen nesken promesa mailan; Durango Kirol Taldeak taldekako bigarren postua lortu zuen.

Beteranoen proban, Alberto Loizate (Sekulebedarra) eta Luis Narbaiza (DKT) seigarren eta zazpigarren geratu ziren sailkapen nagusian. Silvia Trigueros onena izan zen bere kategorian eta zazpigarren sailkapen orokorrean. Hamar onenen artean sailkatu zen DKTko Beronika Noya ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!