Hainbat taldetan ibilitakoak zarete. Nola erabaki zenuten ‘Txapito Guzman eta Ibarrako langostinuek’ taldea sortzea?
Mikel Astobiza: Nik rantxera bertsio arinak egin gura izan ditut betidanik. Hasieran Petitegaz elkartu nintzen, gero Abaunza ezer jakin barik batu zitzaigun, eta, azkenik, Pottiri deitu genion bateria jotzeko.
Egoi Petite: Astok rantxera zerrenda bat pasatu zidan, bertsioak egiteko. Hasieran ez nekien rantxerak zelan jo. Abaunza elkartu zenean, nire txabolan kantak moldatzen eta elkarri laguntzen hasi ginen. Rantxerak jotzen dituzten punkiak gara.
Nola definituko zenukete taldea?
Josu Abaunza: Mexikotik milaka kilometrotara bizi diren lau tipo rantxerak jotzen. Kantekin jolasten dugu, ez dira han entzun daitezkeen moduko rantxerak.
Gorka Bidaurrazaga: Rantxerak era kolektibo batean kantatzeko egiten ditugu.
Nondik dator izena?
J.A.: Chapo Guzman narkotrafikatzaile ezagunaren izenagaz joko bat egin genuen.
G.B.: Izen luzea gura genuen. Zerbait pikantea gehitu gura genion, eta Ibarrako langostinuek jarri genion atzetik.
E.P.: Izen kuriosoa da, eta jendea erakartzen du.
Zergatik rantxerak? Eskualdean ez dugu halako talderik.
M.A.: Asko gustatu izan zaizkit rantxerak, betidanik, eta zerbait ezberdina egiteko aukera ikusten nuen. Soinu lasaiago bat jo gura izatetik dator hau guztia.
E.P.: Rantxera klasikoak soilik egitea errepikagarria izan zitekeenez, beste abesti motak gure erara ere moldatzen ditugu.
Zer ematen dizuete rantxerek?
M.A.: Asko ikasten da. Beste leku batzuetan eta publiko ezberdin baten aurrean ere jartzen gaitu. Nagusiak eta umeak gure saioetan gustura daudela ikusten da.
G.B.: Benetan abesten ikasten ari naiz. Lehen inkontzienteki abesten nuen, orain logikaz, tonuak zainduz.
E.P: Guk oso ondo ez abestean, jendea abestera bultzatzen dugu.
J.A.: Agian rantxeren teknika ez dugu asko kontrolatzen, baina soinuagaz gustura gaude.
Umoreak ere garrantzia dauka zuen saioetan.
G.B.: Jai-giroko taldea izanik, ikuskizunak behar duena egiten dugu: jendea dantzara animatu.
E.P.: Umorea beharrezkoa da. Ezberdina da publikoa begira izatea edo zugaz batera dantzan eta kantuan aritzea.
M.A.: Hasieratik esan genuen ondo pasatzea zela helburua. Hori transmititzen diogu publikoari.
Askotan bazkalostean eta egun argiz jo duzue jai-giroa alaitzeko. Zuen intentzioa da ‘eguneko’ talde moduan aritzea?
M.A.: Ez genuen gura gauez bakarrik jotzen duen taldea izatea. Gero, estilo arinago bategaz, gauez ere jai-giroa animatzeko deitzen hasi ziren.
E.P.: Txaranga antzeko bat egitea ere erabaki genuen. Tabernarik taberna beste giro bat sortzen da.
Rantxeren bertsioak egiten dituzue. Baduzue abesti propiorik egiteko asmorik?
J.A.: Prozesuan gaude. Bertsioak jotzeak denbora asko eskatzen du. Ordu biko txaranga baterako errepertorioa prestatzeak denbora behar du.
M.B.: Geldiune bat egingo dugu gure kantak prestatzeko. Ateratzen ditugunekin, baliteke CD bat prestatzea. Ideia hori dugu.
Bariku honetan Bakixan joko duzue kontzertua.
J.A.: Bertso afariaren ostean.
M.B.: Kontzertu honen ondoren, geldiunea egingo dugu, gure abestiak lantzeko.
E.P.: Uda aldera bueltatuko gara, jaiekin batera. Durangaldetik kanpoko herrietatik biran irteteko asmoa daukagu.
Izerditzekoak salgai jarri dituzue Facebooken.
G.B.: Zerbait atera gura genuen. Uda amaitzear zegoenez, eta hemen hotz egiten duenez, izerditzekoak saltzea pentsatu genuen.
J.A.: Gaizka Pagonabarragak diseinatutako logoa dute. CDa ateratzean, kamisetak eta bestelakoak ere aterako ditugu.
G.B.: Gure abestiak ateratzen ditugunean, bideoren bat ere egiteko asmoa daukagu.