Apustu seguru bat eta hautagai bi bigarren mailako areto-futbolean

Anboto 2017ko urt. 19a, 12:07
Mendibeltz areto taldea.

Areto-futboleko Bigarren Erregionaleko bigarren itzulia hasi berria da, eta Durangaldeko hiru talde aurreneko hiru postuetan daude: Abadiñoko Txopoa, Durangoko Mendibeltz eta Racing Tolosto. Talde bi zuzenean igoko diren eta hirugarrenak promozioa jokatuko duen mailan, inoizko denboraldirik onena izan daiteke eskualdearentzat.

Abadiñoko Txopoa apustu segurua da. Aurten sortu duten taldea den arren, goragoko mailetan aritutako jokalariak ditu, eta eroso dabil. Jokatutako bederatzi partiduak irabazi ditu, neurketa bakoitzeko, batez beste, sei goletik gora sartuta. Joan zen asteberuan 10-0 jipoitu zuen Bermeo. Pizgarri moduan, igoera “partidu denak irabazita” lortzea jarri dute helburu moduan, Egoitz Diaz entrenatzaileak onartu duenez. Era berean, argi du bigarren itzulian garaipenak lortzea gaitzagoa izango dena, aurkariek lehen itzuliko esperientziatik ikasiko dutelako.

Mendibeltz ere igoera postuan dago, bigarren. Urte askoan elkarregaz jokatzen dabilen blokeak klubaren historiako bigarren igoera lortu dezake aurten. 2009an izan zen aurrenekoa. Jokalari batzuk erretiratu, eta gazteei tokia utzi zieten. Hurrengo urtean, baina, jaitsi egin ziren. Orduan taldera batu ziren gazteak “esperientzia hartzen” eta urterik urtera “elkar hobeto ezagutzen joan” dira, Luisma Reyes presidentearen ustez, eta horren fruituak jasotzen ari dira aurten. Gainera, orain zazpi denboraldi galdutako mailara igotzea pizgarria da durangarrentzat.

Racing Tolosto taldea orain bost urte sortu zuten eta bere ibilbideko lehenengo igoera lortzeko borrokan dabil. Iazko taldea osatzen zuten 13 jokalarietatik lauk bakarrik jarraitzen dute. “Aurten besteko aldaketarik ez dugu inoiz izan”, dio Ander Bilbao taldeko kapitainak. Baina etorritako berriak (batzuk futboletik) oso ondo egokitu dira eta taldea igoerako promozio postuan kokatuta dago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!