22 txirrindularik ekingo diote denboraldi berriari CAF eta BZK Smurfit Kappa taldeetan

Anboto 2017ko urt. 3a, 18:15

Ezohiko eszenatokian, Durangoko izotz pistan aurkeztu ditu gaur Iurretako Emakumeen Bira klubak bere bi taldeak. Guztira 22 txirrindulari arituko dira denboraldi berrian Durangaldeko klubean.

Kadete eta junior mailako CAF Turnkey Engineering taldean Amaia Lartitegi busturiarrak emaitza onak izan ditzakeela azaldu du Agustin Ruiz taldeko arduradunak. Euskalduna txapelketa irabazi zuen iaz, eta Bizkaiko ziklo-kros txapelketa ere bai. Espainiako Kopa eta Espainiako Txapelketa ere jomugan izango dituzte txirrindulari gazteenek.

 

Junior mailan, Aroa Gorostiza arituko da. Elorriarra talde osoan diharduen Durangaldeko ordezkari bakarra da. Maialen Aramendia nafarrak europako eta munduko txapelketan parte hartu zuen iaz, eta aurten ere aukera handiekin aritu daitekeela dio Ruizek.

BZK Smurfit Kappa taldean 23 urtetik beherakoek eta elitekoek jardungo dute. 23 urtetik beherakoetan, Triatloian Espainiako txapelketa irabazi duen Marta Sánchez Durangaldeko taldean arituko da. Txirrindulari hauen  lehenengo erronka martxoan jokatuko den Valentziako Astea izango da. Nazioarteko probak jokatuko dituzte Holandan eta Belgikan, besteak beste. Ruizen esanetan, taldearen helburu nagusia txirrindularien garapena bermatzea eta harrobia sortzea da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!