‘Bainera bete itsaso’ album ilustratua aurkeztuko dute

Aimar Esteban 2016ko abe. 27a, 11:00

Miren Amurizak idatzitako eta Irati Egurenek ilustratutako Bainera bete itsaso liburua aurkeztuko dute abenduaren 30ean, 19:00etan, Durangoko Arteka liburu-dendan. “Sorkuntza prozesua bertan hasi zen. Mirenek nire ilustrazio bat ikusi zuen, eta, horren ondorioz, kontaktuan jarri ginen”, azaldu du Irati Egurenek.

Aurkezpenean, sormen prozesua nolakoa izan den azaldu eta liburuari lotuta prestatu duten ikus-entzunezkoaren emanaldia egingo dute. Horrez gain, albumean agertzen diren ilustrazio originalak eta bideorako espresuki prestatutako testuak ikusgai daude liburu-dendan, abenduaren hasieratik.

Liburuak harrera onagaz hasi zuen ibilbidea Durangoko Azokan. “Oso pozik gaude izan duen harreragaz, eta liburu normal bat ez izatera, gabonetarako opari berezia izan daitekeela uste dut”, dio Egurenek.

Amurizak eta Egurenek etorkizunean ere elkarregaz lanean jarraitzeko gogoa daukate. “Ideiak buruan baditugu izan, baina forma konkreturik gabe”.

Mursegok lanaren bideoari musika jarri dio. “Liburuaz gain, beste formaturen bat ere egitea gura genuen, eta transmititu gura genituen sentsazioak Mursegok soinuetan islatu ahal zituela iruditu zitzaigun”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!