Legorburu: “Apurka-apurka bada ere, euskal presoen gaia politikarien agendan ipini behar dugu”

Aitziber Basauri 2016ko abe. 24a, 10:00

Abenduaren 10ean abiatu zuten Usurbilen (Gipuzkoa) euskal preso ohi ugarik antolatutako ‘Kalera, kalera’ dinamika. Urtarrilaren 8ra arte iraungo duen Kaleragunea zabaldu dute, eta hainbat ekitaldi antolatuko dituzte han eta beste hainbat herritan. Durangaldean ere izango dira ekitaldiak. Presoen senideei herritarren babesa emateko ekitaldi berezia egingo dute Durangon.

Usurbilen abiatu da ‘Kalera kalera!’ dinamika. Nola sortutako mugimendua da?
Juanjo Legorburu: Errepresaliatuen esparruan zenbait hutsune zeudela ikusita,  preso ohi batzuk elkartu ginen orain urtebete inguru, eta kezka horren ondotik esparru komunikatibo bat sortu genuen. 2013an gogor kolpatu zuten euskal preso politikoen antolakuntza, eta baita horri laguntza ematen dion esparrua ere. ‘Herrira’ plataformaren aurkako operazioa, tartean. Etxerat ere audientzian aurkezteko hitzorduak jasotzen hasi zen iaz. Egoera horrek kezkatuta hasi ginen biltzen, eta lehenengo agerraldia apirilean egin genuen, Usurbilen. 700 bat preso ohik manifestua sinatu genuen, eta erabaki Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) hartutako erabaki oro kalean zabaltzeko asmoa eta gaitasuna izan behar genituela.

‘Kaleragunea’ ere zabaldu da dinamika horren barruan.
Txaber Arruabarrena: Bi esparru bereizi leudeke. Batetik, Usurbilen zabaldutako Kaleragunea legoke, gune zentral edo iraunkorra. Egunero 40-50 preso ohik parte hartuko dute bertan izango diren ekimenetan,  eta interlokuzio dinamika bat zabalduko da hainbat eragilegaz. Bestetik, herrietan antolatutako dinamikak leudeke.

Zein da helburua?
T. A.: Batetik, kontzientziazio eta mobilizazio esparru bat sortzea da helburua, hutsune hori betetzeko, eta, bestetik, EPPKri babesa ematea eta bertotik sortutako erabaki eta ekimenak gizarteratzera; eztabaida ematen den bitartean, desitxuraketarik egon ez dadin babesa ematea.
J.L.:  Apurka-apurka bada ere, euskal presoen gaia politikarien agendan ipini behar dugu. Kaleragunea oinarrizko kanpamentua da, baina ez da ohiko itxialdi bat. Parte-hartzaileak bertako dinamiketan ari dira, eta kalera ere irteten dira sindikatu, eragile politiko edo sozialekin egoteko.

Talde bat eratuko da, preso ohiz osatua, eta eragile sozial eta politikoekin harremanetan jarriko da.
J.L.: Eragile politiko, sozial zein sindikala izan, geure apaltasunean, esparru komunikatibo baterako konfiantza sortu gura da. Ondoren, bakoitzak bere funtzioa bete horretan, eta denon artean ea presoen gaia agendako lehenengo lerroan ipintzea lortzen dugun. Lehenengo hartu-eman bat da; gero ere mantentzea ondo legoke, hau ez da-eta bihar gertatuko.

Presoen kaleratzea ere eskatu gura du dinamikak?
J.L:  Ziklo historiko baten leloa da ‘Kalera, kalera’, bakea eta askatasuna ere batzen dituena. Askatasunik gabe ez dago-eta bakerik.  
T.A.: Kalean gura ditugu eta gu ere kalean egongo gara. Egoeraren hausnarketa egiterakoan Arkaitz Bellon elorriarraren kasua gogoratu behar dugu, adibidez. Guztiz desproportzionatua zen kartzela zigorra betetzeko hiru hilabete geratzen zitzaizkiola hil zen. Presoek bizi duten egoera gogoratu behar dugu. Hor ditugu, eskualdean gaixo dagoen Gorka Fraile edo Portugalen den Andoni Zengotitabengoa, isolatuta egondakoa. Ehunka kilometrotara dispertsatuta daude presoak: batzuk ezin dute bikotekidea ikusi, eta umeak ere badaude tarteko. Bost urte dira egoera aldatu zela, eta sufritutako konfrontazioaren ondorio garrantzitsuenetako bat dira presoak. Horri konponbidea eman ezean nekez esan genezake beste fase batean gaudela.

Durangaldean ere hainbat ekitaldi antolatu dituzue.
T.A.: Bai, herri guztietan egongo dira ekitaldiak. Elorrion, adibidez, abenduaren 24an eta 31n egingo dira ekitaldiak; Zornotzan abenduaren 30ean. Urtarrilaren 8an, berriz, eskualdeko ekitaldi berezia egingo da, Durangoko Plateruena kafe antzokian. Senideei herritarren babesa emateko ekitaldia izango da. Euskal Herri edo lurralde mailako ekitaldiak ere egingo dira. Adibidez, urtarrilaren 6an, giza-katea egingo da Donostian.
J.L.: Ahalik eta toki gehienetara heldu gura da. Ekitaldi guztiak www.kalerakalera.eus atarian daude jasota.

EPPKak jakinarazi du “hausnarketa prozesu garrantzitsu baten atarian” dagoela. Nola baloratzen duzue agiria?
J.L.: Halako eztabaida bat aurrera eramateko zailtasunak handiak dira, baina, dioten lez, gardentasunagaz jokatuko dute. Izan daitezkeen manipulazioetatik gaindi egotea eskatzen dute, ea eztabaida ahalik eta emankorrena ahalbidetzen den.
T.A: EPPKri babesa ematea da gure lana. Hala ere, salbuespen legeak edo mendekotasun politika amaitu ezean ezinezkoa izango da inolako ibilbiderik egitea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!