EH Bildu: "Lanbide Heziketako Institutuarekiko konpromisoa eta apustua berresten ditugu"

Anboto 2016ko abe. 20a, 15:47

EH Bilduko hainbat alkatek agerraldia egin dute Elorrion, Lanbide Heziketako Institutuko egoeraz berba egiteko. Ekainean Durangoko Udalari proposamen bat bidali ziotela esan dute, baina oraindik ez dutela erantzunik jaso.

Idoia Buruaga elorriarrak, David Cobos atxondarrak, Lorea Muñoz izurtzarrak eta Endika Jaio mañariarrak parte hartu dute agerraldian. LOMCEren eraginez, lehen Amankomunazgoak kudeatzen zuen institutua pribatizatzea edo udal batek bere gain hartzea ziren aukerak, eta ardura Durangoko Udalak hartzea erabaki zuten, duela urte eta erdi inguru. Ikastetxearen finantzaziorako, Eusko Jaurlaritzatik jasotzen duten laguntzaz aparte, eskualdeko udalek kuota bat ordaintzea proposatu zuen Durangok. Baina EH Bilduk zerbitzuaren gestioa ere hitzartu gura du. "Kuota batetik aparte, lanketa sakonago bat behar du", esan du Buruagak.

Cobosek azaldu du ikastetxearen kudeaketa "%100 publikoa" izatearen aldekoak direla, eta gogoratu du "ehundaka gazterentzako alternatiba" izan dela urteotan. "Proiektuarekiko konpromisoa eta apustua berresten ditugu", Atxondoko alkatearen esanetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!