Barrutieta: “Igoera lortzeko taldea badugula uste dut, eta horren bila goaz”

Joseba Derteano 2016ko abe. 19a, 09:16
Náyade Barrutieta Pajuelo, Ezkurdi futbol klubeko aurrelaria (Zornotza,1990)

Goleatzaile peto-petoa da Náyade Barrutieta. Iazko denboraldian 50 sartu zituen, eta aurten 15 daramatza. Bere golei eta taldeko lanari esker, Ezkurdi Bizkaiko igoera fasera sailkatu da bederatzi partidutatik zortzi irabazita.

Igoera fasera sailkatzea helburuen barruan zegoen, baina espero zenuten hain ondo aritzea?
Egia esan, ez genuen espero. Iaz lehen fase ona burutu genuen, partidu dezente irabazita. Aurten antzerako zerbait espero genuen. Defentsa indartu duten jokalariak etorri dira, baina, hala ere, sorpresa bat izan da.

Partidu denak irabazita sailkatzeko aukera izan duzue, baina Deriok 0-2 irabazi zizuen. Erlaxatu egin zineten?
Agian, generaman martxagatik eta, gainera, etxean sendo gabiltzanez, erlaxazio punturen bat egongo zen. Baina, tira, guk beti irabazi gura dugu, eta are gehiago etxean jokatzean.

Igoera fasean talderik indartsuenak batuko dira. Beste exijentzia maila bat da, baina sasoi betean zaudete. Zer itxaron dezakete Ezkurdiko zaleek erronka horri begira?
Partidu berdinduak izango dira. Lehen fasean talde batzuen eta besteen artean aldeak igarri daitezke. Igoera fasean denek maila handia dute.

Igoeragatik borroka egitea erronka handiegia da?
Gu horren bila goaz, hori argi daukagu. Igoera lortzeko taldea badugula uste dut.

Iazkoak eta aurtengoak batuta, 65 gol daramatzazu. Goleatzaile izateak errematatzaile ona izatea esan gura du, ala beste bertute batzuk ere behar dira?
Goleatzaile batek errematea izan behar du, jakina, baina ez hori bakarrik. Goletzaile izateak behar den unean behar den tokian egotea esan gura du. Aukera duzunean baloia barrura joango den konfiantza izatea esan gura du. Azkenean gauza asko dira.

Jenifer Rubio da taldeko beste goleatzaile bat. Hark 50 bat gol daramatza iazko eta aurtengo denboraldien artean. Ondo elkar hartzen duzue?
Bai. Pertsonalki oso hartu-eman ona daukagu, eta entrenamenduetan ere elkar ondo ulertzen dugu. Hori guztia gero islatu egiten da zelaian.

Zure bertuteetako bat atezainaren aurreko buruz burukoetan duzun segurtasuna dela diote.
Bai. Atezainagaz aurrez aurre nagoenean izkin egiten saiatzen naiz. Alde batera edo bestera errematatzeko dudak ditudanean, badakit, izkin egiten asmatzen badut, ate osoa niretzat geratuko dena, eta horretan saiatzen naiz.

Hainbeste gol sartuta, badago bereziki gogoratzen duzunen bat?
Orain bi-hiru partidu, gol bat txilenaz sartu nuen Basauritar taldearen aurka, korner baten ostean. Aurretik hainbat bider saiatu naiz, baina ez zait irten gura nuen moduan. Edo baloia atetik urrun joan da, edo ez dut ondo jo… Partidu horretan barrura joan zen. Zorte apur bat ere behar izaten da.

Baduzu gogoan beste partidurik? Gol asko sartzeagatik, edo gol garrantzitsuren bat…
Iaz Arizen kontrako partidua irabaziz gero, igoera fasera sailkatzen ginen. Oso partidu berdindua jokatu genuen, eta hiru gol sartu nituen. Gol horiek partidu inportante bat irabazteko balio izan zuten.

Golak sarritan sartzeko ohitura hori beharrizan ere bihurtu daiteke?
Aurrelaria goletik bizi dela esaten da, baina sarritan golik sartu barik ere, goleko pase bat ematen badut edo taldeak irabazi badu, ez noa golik sartu ez izanaren penatan etxera. Hiru gol sartuta negargarri jokatu dezaket, eta batere sartu barik nire partidurik onena egin.

Beraz, aurrelari bat ez da goletik bakarrik bizi.
Ez, nire kasuan ez behintzat. Taldeari zerbait eman diodala eta lan ona egin dudala sentitzen badut, pozik noa etxera.

Zure gol kopurua ikusita, nork esango zuen gazteagotan atezaina izan zinela.
Zornotzan nesken taldea sortu zenean, atezain ibili nintzen hiru-lau urtez, 16 edo 17 urte egin arte. Lagunarteko partidu batean, atezaina lesionatu egin zen. Neu jarri nintzen atezain, eta gustatu egin zitzaidan.

Eta zelan ohartu zinen zure benetako tokia aurrelari zela?
Ligako azken partidua zen, eta Urritxen jokatzen genuen. Ez geneukan ezer jokoan, eta aurrelari jokatzeko gogoa nuen. Bigarren zatia aurrelari jokatzeko eskatu nion entrenatzaileari, eta onartu egin zuen. Gustatu egin zitzaidan, eta harrezkero postu horretan nabil.

Harrezkero aurrelari zabiltza, baina iazko partidu batean…
Atezain jokatu nuen berriro. Gure atezainak ezin zuen jokatu, eta haren ordez neu jarri nintzen lehenengo zatian. Bigarrenean beste taldekide batek jardun zuen. Egia esanda, partidu lasaia izan zen, eta ez nuen lan askorik izan.

Zelako erlazioa duzue Julen Bedoya entrenatzaileagaz?
Oso ona. Berak transmititzen diguna gehienetan islatu egiten dugu zelaian. Entrenatzailearen eta jokalarien arteko lotura erakusten du horrek.

Eibar taldeagaz jokatzeko probak egin zenituen?
Ez ziren probak izan. Eibarko zuzendari teknikoak esan zidan ni eta nire talekide bi taldera batu gura gintuztela, nazional mailan jokatzeko. Eta aukera hori hausnartzen ibili nintzen, baina, azkenean, Ezkurdira joatea erabaki nuen.

Zergatik?
Goragoko maila hori probatzea erakargarri zitzaidan, ikusi gura nuen, baina nire lagunak hemen nituen, eta nik gura dudana da lagunekin jokatuz gozatzea futbola. Horregatik erabaki nuen geratzea.

Zer harreman duzue zuzendariekin? Gustura zaudete?
Oso ona. Gugatik arduratzen dira, materiala falta bazaigu hor daude, presidentea partiduak ikustera etortzen da… Oso pozik gaude.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!