Angelman Sindromea Elkartearentzat batuko dute dirua gimnasia erritmikoko erakustaldian

Joseba Derteano 2016ko abe. 16a, 12:45

Durangoko Uztai taldeak urteroko Txikigym gimnasia erakustaldia egingo du zapatu honetan, 11:00etatik aurrera, Landako kiroldegian. Azken urteetan egin ohi duten moduan, erakustaldia ekintza solidario bategaz lotuko dute. Aurten Angelman Sindromea Elkarteari lagunduko diote.

Landako kiroldegian jarritako postu batean kafea eta bizkotxo zatia euro baten truke salgai jarriko dute. Ekintza horren bidez jasotako dirua Angelman Sindromea Elkarteari emango diote. Bizkotxo denak Uztai taldeko kideek egindakoak dira.

Erakustaldiari dagokionez, benjamin aurreko (2009-11 urteen artean jaioak) 250 bat gimnasta batzea itxaroten dute, eta horietatik 35 bat Uztai taldekoak izango dira. Bizkaia osotik etorritako gaztetxoak batuko dituzte. Urtean zehar ikasitakoa  jendaurrean erakusten duten lehenengo aldia izaten da
askorentzat.

Zaldibarko erakustaldia
Durangokoa ez da asteburuko gimnasia erakustaldi bakarra izango. Zaldibarko Olazarmendi  Erritmika Taldeak beste bat antolatuko du domekan, 12:00etan, Olazar pilotalekuan. Guztira, 17 urtera arteko 60 bat gimnasta batuko dira. Zaldibarko gazteek ez ezik, Durango, Elorrio eta Getxokoek ere parte hartuko dute.

Olazarmendi iaz sortu zuten kluba da. Hainbat urtez eskolako gurasoen elkarteak antolatzen zuen eskolaz kanpoko ekintzan du sorburua. “Ume askok ematen zuen izena, eta ez zen erraza kudeatzea”, gogoratu du Amaia Garcia Olazarmendiko presidenteak. Orduan, umeen guraso batzuen artean gimnasia erritmiko kluba sortu zuten. Gaur egun, 6-17 urte arteko 24 gimnasta entrenatzen ditu Itsaso Zubia durangarrak. Apurka emaitzak lortzen dabiltza. Esaterako, Lidia Romero gimnasta iaz bigarren geratu zen kimu mailako Bizkaiko eskolarteko txapelketan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!