Ainhoa Urienek, Andrea Basabek eta Maider Isasik irabazi dute #365 ipuin lehiaketa

Markel Onaindia 2016ko abe. 15a, 11:01

Euskararen Egunaren harira #365 ipuin laburren lehiaketa antolatzen du Berbaro elkarteak, literaturaren bidez euskara plazaratzeko asmoz.

Aurten 300 ipuin inguru jaso dituzte, eta horregatik, pozik agertu dira eduki duen harreragaz. Eguaztenean Plateruena kafe antzokian burututako ekitaldian iragarri zuten Ainhoa Urien, Andrea Basabe eta Maider Isasi izan direla aurtengo irabazleak.  ANBOTO astekariko zuzendariak, Jone Guenetxeak, gidatu zuen ikuskizuna.

Twitter bidezko lehiaketan atera da garaile Ainhoa Urien. Hauxe da bere lan saritua: “Iragana ez deusezte aldera gure amonak ez zituen egunak egutegitik ezabatzen. Horregatik, oraindik gure artean dagoela dirudi”. Atal horretako epaile izan den Nagore Txintxurreta diseinatzailearen eskutik jaso zuen saria; 100 euro eta Hitz, Arteka eta Urrike dendek emandako liburu sorta bat. Urienen ipuinean oinarrituta irudi bat sortu du Txintxurretak.

Twitterrez aparte, postontzietan ere utzi ahal izan dira ipuin laburrak. 18 urtetz gorakoen mailan, Andrea Basabek irabazi du. “Handitan, txikitan nintzena izan nahiko nuke: gauza txikienarekin zoriontsua eta koloretako munduaren protagonista”; ipuin hori aukeztu zuen lehiara. Jon Ander Urkiaga idazleak hartu du erabakia, eta ekitaldian bertan, idazlan bat irakurri zuen Basaberen lana kontuan hartuta. Saridun honek ere 100 euro eta liburu sorta bat eskuratu ditu.

Hirugarrenik, postontzian jasotako 18 urtez beherakoen artean, Maider Isasiri eman zion saria Xabier Zabala bideogileak.  Tablet bat eta liburuak jaso zituen gazteak. Bere esaldiagaz, bideo bat landu du Zabalak, eta Plateruenean proiektatu zuten. Hona hemen Isasiren ipuina: “Aireak hegaka ekarritako hazia lurrean ernatu eta goizeko ihintzak busti zuen, ekaitzaren txinparta batek kiskali zuen arte”.

Ainhoa Urien eta Nagore Txintxurreta

Ainhoa Urien, Nagore Txintxurreta eta Jone Guenetxea

Jon Ander Urkiaga eta Andrea Basabe

Maider Isasi eta Xabier Zabala

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!