Nevadah: “Talde moduan hazi egin gara, eta diskoa grabatzea aurrerapauso bat da”

Aimar Esteban 2016ko abe. 9a, 12:15
Argazkia: Gorka Larrinaga

Nevadah taldeak lehen diskoa argitaratu berri du. Ia bi urtez lanean ibili ondoren, eta hainbat kontzertu eskaini ostean, beraien kantak grabatzeko pausoak suposatzen duena aztertu dute Pello Bañosek eta Jon Agirrebeitiak.

Zer aurkitu daiteke Nevadahren disko honetan?
Pello Baños: Gure aurkezpen lana da, orain arte konposatutako kanten aukeraketa bat dago bertan. Estilo aldetik, egiten dugun rock and roll eta blues linea mantentzen duten zazpi kanta daude: taldearen hasieran grabatutako bi kanta bonus track moduan, eta orain grabatu ditugun beste bost.
Jon Agirrebeitia: Hasierako kanta hauek ahaztuta ez geratzeko, nonbait gordeta egotea gura genuen.

Zuzenean daukazuen soinua diskoan islatzen da?
J. A.: Kontzertuetan daukagun antzerako soinuagaz jarraitu dugu, gitarra doinu garbiak erabiltzen ditugu zuzenean, eta horrela grabatu ditugu.
P. B.: Ez da egon soinua aldatzeko intentziorik. Nevadah-k soinu konkretu bat izatea gura dugu, ez zuzenean bat eta grabaketetan beste bat.

Nola sortu zen CDa kaleratzeko ideia?
P. B.: Prozesu natural bat izan da disko bat grabatzea.
J. A.: Kontzertu nahiko eman ditugu, eta eboluzio prozesuaren parte bat da. Talde moduan hazi egin gara, eta zerbait txukuna egiteko aukera ikusi dugu.
P. B.: Hasi ginenean gure asmoa ez zen kontzertuak egitea dirua irabazteko eta horrela disko bat ateratzea. Orain ikusi dugu momentu ona zela, presiorik gabe.

Nolakoa izan da CDa grabatzeko prozesua? Nogaz egin duzue lan disko honetan?
P. B: Hodei Gonzalezegaz Galdakaoko estudioan grabatu dugu. Lehengo bi kantak ere beragaz grabatu genituen. Prozesu oso erosoa izan da, malgutasuna izan dugu ordutegiekin eta konfiantza handia eskaini digu.
J. A.: Diseinua Amaia Zaitegirena da. Logoa, kamisetak eta kartelak ere diseinatu zizkigun. Oso ondo ulertzen du taldearen arima.

Zuen abestirik gehienak ingelesez dira, baina euskaraz ere badaukazue abestiren bat. Badaukazue euskaraz abesti gehiago egiteko asmorik?
J. A.: Intentzioa beti eduki dugu, baina badaude abesti edo estiloak ingelesagaz gehiago lotzen ditugunak, eta horrela irteten direnak.
P. B.: Guk betidanik entzun ditugu euskaraz abesten duten taldeak, baina gugan eragina izan duten taldeek ingelesez abesten dute. Guk horrela ulertzen dugu rock and rolla.

Hizkuntza dela-eta, ezin izan duzue Durangoko Azokan zuen CDa saldu, eta kanpoan postu bat jarri duzue.
P. B.: Zigilurik barik argitaratu dugunez, azokan egoteko aukera bakarra Musika Zuzenean-eko standean egotea zela esan ziguten, eta beraiekin hitz egin genuen. Izena emateko beharrezko guztia bidali ondoren, azokan aurkeztutako lanen edukiaren %51 euskaraz izatearen araua zegoela azaldu ziguten. Gerediagakoei idatzi genien nor garen eta zer egiten dugun azalduz, baina araua jarraitu behar zela esan ziguten. Gure abestiak ingelesez izanik, ezin izan dugu azoka barruan diskoa saldu.
J. A.: Arau hori ulertzen dugu, eta oso ondo iruditzen zaigu, baina guztientzat izan beharreko araua dela uste dugu. Gaztelerazko disko asko daude azoka barruan. Luze joko luke eztabaidak, zer den euskal kultura eta zer ez. Geratzen zaigun sentsazioa aukeraketa selektiboa dagoela da. Kanpoan jarri dugu gure postua, eta oso gustura gaude. Ehundik gora disko saldu ditugu. Gugana etorri diren guztiei eskerrak eman gura dizkiegu. Diskoak zortzi euroan jarraitzen du salgai, hainbat tabernatan. Guri zuzenean eskatuta ere erosi daiteke.

Orain arte emandako kontzertuetatik, ba al dago bereziki gogoratzen duzuen baten bat?
J. A.: Bilboko Antzokian jo genuen kontzertua berezia izan zen, lekuagatik, martitzen bat izan zelako, eta Durangaldetik jende asko joan zelako.
P. B:  Bizkaitik asko ibili gara. Hurrengo kontzertua Elorrion joko dugu, hilaren 17an.

Teknologia berriek talde txikiei ezagutzera emateko aukera ematen diete?
P. B.: Dudarik barik. Sare sozialek ematen duten aukera ez zegoen orain dela urte batzuk. Klik bategaz jende askorengana heldu zaitezke.
J. A.: Guk ere asko erabiltzen ditugu. Norbaitek Nevadah taldeari buruz hitz egiten badizu, zure mugikorrean bilatu dezakezu, eta nortzuk garen eta ze musika egiten dugun ikusi.

Durangaldeko taldeen maila, nolakoa da?
J. A.: Ez dago lehen zegoen mugimendua kontzertuei dagokienez, baina mailarik onena orain dagoela esango nuke. Mockers, Sermonds edo Worth It oso onak dira.
P. B.: 16-18 urte genituenean, mugimendu eta talde gehiago zegoen gazteen artean, eta, agian, igo egingo zen taldeen batez besteko adina. Musika egiteko gogo hori galdu egin da.
J. A.: Irrati komertzialek ere ez dute askorik laguntzen bertako taldeak zabaltzen. Betiko abestietara mugatzen dira eta gazteak horretara ohitu dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!