Bildumagileen lana aztertu du Victor Arrizabalagak ‘Entre lo visible y lo invisible’ liburuan

Aimar Esteban 2016ko aza. 22a, 10:44

Victor Arrizabalaga (Mañaria 1957) artistak Entre lo visible y lo invisible liburua aurkeztu zuen joan zen astean, Durangoko Arte eta Historia Museoan.

Entre lo visible y lo invisible liburuak Bizkaiko eta Arabako bildumagileen historia kontatzen du. Iaz aurkeztu zuen doktorego-tesia da liburuan batzen dena. “Bildumagile onenak zeintzuk diren, hauen helburuak zeintzuk diren, hau da, zertan oinarritzen den beraien bokazio hori”, azaltzen du Arrizabalagak liburuan.

Victor Arrizabalagak azpimarratu duenez, “bildumagileen lana oso garrantzitsua da, beraien existentziarik gabe ez zen ez euskal arterik ez euskal artistarik egongo. Bildumagileak arte ederretako ondasun preziatuenak gorde, kontserbatu eta mantentzen dituzte eta horregatik beharrezkoak dira kultura mantentzeko”.

Euskal Herriko museoei begira ere, “historian zehar bildumagile pribatuak izan dira gure museoak hornitu dituztenak”, azaldu du.“Artistak bizitzeko erosleak behar ditu eta erosleak bildumagileak izaten dira batez ere".

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Durangoko Arte eta Historia Museoak batera argitaratu dute lan hau. Bilbo eta Arabako Arte Ederren Museoak, Sancho El Sabio fundazioa eta Arabako Elizbarruti Arte museoa izan ditu kolaboratzaile bezala Mañariko artistak lana argitaratzeko orduan.

Momentuz, liburua Durangoko Museoan dago salgai, baina, datorren astean Durangoko Azokan ere erosteko aukera izango da udalaren zein Bizkaiko Foru Aldundiaren standean.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!