“Nebari poltsa ipini ziotenean, familiarentzat ikaragarria izan zen”

Markel Onaindia 2016ko aza. 18a, 09:30

Arreba-nebak lotzen dituen haria sendoa bada, oraindik eta sendoagoa bihurtu zen Durangoko Marta Prieto eta bere neba Alainena, 2014an. Leuzemia diagnostikatu zioten Alaini, gazterik, bizi osoa aurretik zeukala. Bada, Martari esker lortu zuen aurrera egitea; zelulak emateko bateragarria zen.

Prozesu horren kontakizuna egin du Martak, eta familiari suposatu zionaz ere akordatu da. Une gogorra izan zen, baina alaitasunez oroitzen dute. Herritarrak emaile bihurtzera animatu ditu, senide bateragarririk ez duten gaixoei lagundu ahal izateko.

Zelan gogoratzen duzu azterketak egiteko unea? Zelakoa izaten da prozesua?
Gaixoa nire neba izan zenez, emaile anonimo baten esperientziagaz alderatuta apur bat desberdina izan zen. Leuzemia diagnostikatu zioten, eta motagatik, transplantea behar zuen. Bateragarriak ginen jakiteko, probak egin zizkidaten, eta astebete inguru itxaron behar izan genuen. Emaitza esatean, urduritasuna sentitu nuen, baina itzelezko poza. Ni medikua naiz, eta justu une hartan hematologia klasean nengoen. Negarrez, korrika irten nintzen klasetik; momentu ahaztezina izan zen.

Behin hori jakinda, zer etorri zen? Proba gehiago egin zizkizuten?
Gero, bateragarritasun azterketa osatzeko, Donostiara joan nintzen; beste neska bi zeuden, emaile anonimo zirenak. Odol analisia, erradiografia eta elektroa egin zizkidaten, eta hainbat galdera ere bai. Kariño handiz hartu ninduten.

Eta emateko ordua heltzen denean, zer pauso jarraitzen da? Zaila al da?  
Teknika bi daude, aferesia eta hezurmuinarena. Niri aferesia egin zidaten, gehiengoari egiten diotena. Txerto batzuk eman behar dituzu tripan, nerbio sistemako zelula amak erreproduzitzea estimulatzeko eta odolera irteteko. Makina baten bidez, poltsa batera sartzen dituzte, odol-ematea izango balitz lez. Erraza da. Kuriosoa iruditu zitzaidan, lehen zelulak irteten hasten direnean, txalo egiteko ohitura dutela! [barrez] Oso hunkigarria da.

Ostean, minik edo eraginik sentitu al zenuen?
Hirugarren edo laugarren egunean hezurretan mina sentitzen hasten zara, baina parazetamolagaz konpontzen da. Ematen duzun kopurua jasoko duenaren pisuaren araberakoa da. Gero, hilabetera edo bira, kontrol bat egiten dizute, eta urtebetera beste bat.

Ezin imajinatu zuentzat zer suposatu zuen momentu horrek...
Momentu alaia izan zen. Nebari poltsa ipini ziotenean, familiarentzat ikaragarria izan zen, itxaroten egon ginen unea zen. Nekatuta, baina pozik irten nintzen ospitaletik.

Eta nebagaz, zelan? Prozesu horrek gehiago batu zintuzten?
Batzen zaituen zerbait da, bai. Pozik zaude, baina aldi berean badakizu egoera zelakoa den. Sentimendu kontrajarriak nahasten dira. Baina guk gauza alaitzat gogoratzen dugu.

Zelan dago orain Alain? Zelako eboluzioa eduki du ordutik?
Leuzemia ez zaio berragertu, eta hezurmuinak ondo funtzionatzen dio; transplantearen osteko arazoak ditu. Apur bat mugatzen du, baina bizitza nahiko normala egin ahal du, baita lan ere. Ondo joan zaiola esango nuke, eta pozik gaude.

Alainek zugan topatu zuen emailea, baina hainbat daude horren beharrizana dutenak. Emaile anonimoak behar dira.
Emaile izatea hausnartzen dabilen edozein pertsona animatu dadila. Ondo tratatuko dute, konfiantza emango diote, eta edozein zalantza argitzeko prest daude uneoro.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!