“Zuk ez duzu ia ezer ematen, eta apur horregaz bizi bat salbatu dezakezu”

Markel Onaindia 2016ko aza. 18a, 09:30

Leuzemia edo odoleko minbizia duten pertsonen sendabiderako aukeretako bat da zelula amak transplantatzea. Zelulak hezur-muinetik hartzen dira, edo txertoekin gorputzean barreiatu ostean odoletik atera –hauxe ohikoena–.

Gaixo askok ez dute emaile izateko senide bateragarririk edukitzen, eta pertsona anonimoen borondatearen esku geratzen dira. Izaro Martinez Mendiolagarai zaldibartarra eta Mikel Gomez Agirrebeitia abadiñarra dira emaile anonimo horietako bi; bateragarria den norbaitek behar duenerako, hor daude. Tabu eta desinformazioen gainetik, emaile izatea gauza erraza dela diote.

Zergatik erabaki zenuten emaile bihurtzea?
Izaro Martinez: Etxetik datorkit. Nire amak [Zaldibarko alkate izandako Idoia Mendiolagarai] leuzemia eduki zuen, eta horrek bultzatu ninduen. Hurretik ikusi nuen zer gertatzen den, zelan pasatzen duzun zain zaudenean. Berari ez zitzaion ondo atera; emailea eduki zuen, eta hasierako hile bietan ondo joan zen. Baina gero birus bat hartu, eta ez zen irten horretatik. Berak ez zuen zorterik eduki, baina besteren batek zortea badu eta bizi ahal bada... Emaile izatea erabaki nuen, ahal izanez gero beste bati laguntzeko.
Mikel Gomez: Duela zortzi urtetik odol-emailea naiz. Bertan, anbulategian galdetu nuen, eta Interneten informazioa begiratzen hasi nintzen. Paper batzuk eman zizkidaten, eta azalpen batzuk ere bai. Keinu txiki bategaz emaitza polita lortu ahal zela ikusi nuen.

Beste pertsona baten biziaz berbetan gabiltza...
I.M.: Merezi du. Guk ez dugu ezer sufritu behar, azken batean, dialisi bat da. Asko jota, txertoengatik gripea lako sentsazioak eduki ditzakezu. Baina beste pertsona batek bizia galdu ahal du; beraz, irabazi ahal denagatik, merezi du. Zortea, deituz gero, ze 500 emailetik bat izaten da bateragarria.
M.G.: Horregatik da garrantzitsua. Zenbat eta pertsona gehiago egon prest, orduan eta probabilitate handiagoa egongo da gaixo batek emailea edukitzeko.

Ingurukoekin berba egin duzue gaiaz?
I.M.: Familian gehienok gara emaileak; hurretik tokatu eta sentsibilizatuta zaude. Koadrilako jendeari eta ezagunei ‘burua berotu’ diet. Gainera, Facebookeko zenbait taldetan ere banago. Zuk ez duzu ia ezer ematen, eta apur horregaz bizi bat salbatu ahal duzu.
M.G.: Duela urte bi egin nintzen emaile, eta, egia esan, ezjakintasun itzela dagoela igartzen dut, egin behar ote dizutenaren inguruan. Jende artean berba eginda zabaldu dadila gaia. Oso sinplea da.
I.M.: Jendeak uste du bizkarra ziztatzen dizutela hezur-muina barik, ospitalean egon beharko duzula, lanera joan ezinda... Ez da horrela. Kasu jakin batzuetan muinetik ateratzen dizute, eta, horrela bada, asko jota egun bat eman dezakezu ospitalean. Baina hezur-muina errekuperatu egiten da. Hala ere, gehienetan odola ateratzeagaz nahikoa izaten da. Makina bati konektatuta lau ordu ematen dituzu, eta kito. Gainera, emaile egitean, teknika erabakitzeko aukera daukazu, bat ala bestea, edo biak. Biak aukeratuz gero, hobeto, itxaroten dagoenak aukera gehiago edukiko duelako.

Erabakia hartu, eta pauso bat aurrera. Zelan egin zenuten?
I.M.: Basaurira edo Gurutzerara joan behar izaten da normalean, baina nik Galdakaon egin nuen, nire izeko bati egin ziotela enteratu nintzen eta. Konbentzituta ote zauden galdetzen dizute, eta trabatxo batzuk ipini ere bai; azken batean, ez dute gura jendeak izena eman eta gero atzera egitea, zain dagoenarentzat kolpe itzela delako. Munduko edozein pertsonari emateko konpromisoa hartzen duzu. Aparte, odol apur bat ateratzen dizute, sailkatzeko. Baten bategaz bateragarria izanez gero, baieztatzeko beste proba batzuk egiten dizkizute gero: analitika, errebisioa...
M.G.: Galdakaora odola ematera egindako bidaia aprobetxatzeko esan zidaten. Seguru ote nengoen ziurtatzea gura zuten. Hemendik Galdakaorako bidea izan zen luzeena.

Egunen batean, norbaitegaz bateragarriak zaretela esaten badizuete?
I.M.: Poz itzela emango lidake. Behintzat aurrera jarraitzeko esperantza emango genioke; eurek prozesu gogorra dute transplantearen ostean, baina esperantza horrek asko balio du nire ustez.
M.G.: Pribilegio bat litzateke, badakizulako pertsona bati laguntzeko bidea izango zarela. Ez duzu zertan jakin nor edo nongoa den. Ordu batzuk galdu dituzu, huskeria bat, baina batek daki beste pertsona bati zenbat egun eman dizkiozun.

Irakurleak emaile bihurtzera animatzen dituzue?
M.G.: Horretarako etorri gara, ezta? Horixe da gure helburua.
I.M.: Senideak emaile bihurtu ezin diren jende piloa dago, eta horrek gure esku daude. Jendea animatuko nuke, bai.

Nora jo daiteke informazio bila?
I.M.: Hainbat webgune daude, eta Josep Carrerasen fundaziokoan informazio ugari dago. Gainera, familiek landutako atari asko daude, euren esperientziak kontatzeko eta informazioa emateko direnak.
M.G.: Anbulatorioan ere bideratuko zaituzte, di-da batean.

 

Bizia dakarren lagun koadrila

Minbiziaren sozializazioan, ikerketaren bultzadan eta emaileen sustapenean mugimendu zabal bat dabil, batez ere La Cuadri del Hospi elkarteak piztuta. Gurutzetako ospitalean minbizia duten haurren gurasoek osatzen dute elkartea, eta lanean hasi direnetik, tabu ziren hainbat gai ez dira horrenbeste gaur egun. Elkartasun olatu itzela sortu da, bizia dakarren koadrila horrek hauspotuta.

Maratoi solidarioak, zumba saioak, kontzertuak, errifak... ekintza horien bidez minbizia kalera atera dute, eta ikerketarako dirua batzeaz gainera, emaileak egiten ere lagundu dute. Iaz Durango goitik behera busti zuen Marea Laranja deituriko jaialdiak; ehunka herritar eta komertzio batu ziren dinamikara. Zaldibarren ere, esaterako, kontzertuak eta beste hainbat ekintza prestatu izan dituzte. Izaro Martinez emaileak eskertu egin ditu jarduera horiek, eta gaia kalera ateratzeari garrantzia eman dio. “Minbizia duen ume bat zure artean ikusten duzu, eta zelan ez diozu, ba, lagunduko?”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!