Errefuxiatuen drama gizarteratzeko elkarretaratzeak egin dituzte Durangon eta Zornotzan

Joseba Derteano 2016ko aza. 5a, 13:17

Herri bietako Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformek deitu dituzte.

Durangoko Andra Mariko elizpean eta Zornotzako Sabino Arana kalean batu dira. Kontzentrazioagaz batera, postu bana ere jarri dute askotariko materialagaz. Plataformaren helburuen gaineko informazio orriak ere banatu dituzte. “Lurralde guztietako errefuxiatuek bizi duten dramaren inguruan biztanleria sentsibilizatzea” gura dute “pixkanaka jendarte solidarioagoa sortzeko”, dio Durangon banatu duten eskuorriak.

Errefuxiatu guztien zein diskriminazio maila altuago jasaten dutenen, hau da, emakumeen eta haurren, errealitatea ezagutzea eta horien gaineko hausnarketa bultzatzea gura dute. Egoera horiek salatzea eta dagozkien instituzioei presioa egitea da beste helburu zehatz bat: “Gaiaren gainean eskumena duten Europar Batasuneko gobernuen jokabide krudela salatu nahi dugu, eta hainbat itunetan jasotako giza eskubideak errespeta ditzaten presioa egin, Europar Batasuna-Turkia akordioa bereziko nabarmenduz”. Azkenik, Plataformara jendea erakarri eta beste eskualde batzuetara zabaltzea bilatzen dute gai horren inguruan lanean dabiltzan tokiko erakunde eta kolektiboekin.

Durangon hileko lehenengo larunbatetan egiten dituzte elkarretaratzeak Andra Mariko elizpean. Zornotzan gaur egin dute aurrenekoa eta aurrera begira zein maiztasunekin batu pentsatzen dabiltza.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!