Zertara dator Ongietorri Errefuxiatuak-Durango? Zelan sortutako ekimena da?
Andereak plataformak gonbidatuta, Adela Etxebarriak eta Maria Luisa Menendezek Idomenin (Grezia) bizitako esperentzia ezagutu genuen ekainean. Bertan izan ginenon artean halako kezka bat sortu zitzaigun: zer egin genezake Durangon? Badago premia bat, pertsonak dira, eta gaiarekiko sentsibilitate bat badugu, baina, norbanako bakoitzak zer egin genezake Durangon? Halaxe sortu zen ekimena. Plataforma sortzeko asanblada ireki bat deitu zen gero. Durangon sortutako herri ekimena da, durangarrok sortua. Errefuxiatuek bizi duten egoeraz durangarrak sentsibilizatzea da helburua; errefuxiatu guztien egoeraz, eta ez bakarrik Siriako errefuxiatuenaz.
Bizkaiko Ongietorri Errefuxiatuak plataformaren barruan dago Durangokoa.
Hala da. Eurekin elkarlanean gabiltza. Badakigu Zornotzan eta Elorrion ere ari direla mugitzen.
Lehenengo pausoak eman dituzue. Argazki erraldoia atera zenuten, eta, asteon, elkarretaratzea egin duzue, Tesalonicara (Grezia) abiatuko den karabanagaz bat eginda. Nolakoa izan da erantzuna?
Argazki erraldoiak izandako erantzunagaz harrituta geratu ginen. Oso azkar joan zen dena, eta eskerrak eman gura dizkiegu bertaratu ziren guztiei. Oso pozik gaude erantzunagaz, plataformara batzeko kontaktua ere eman zuten askok. Plataforma oso irekia da, horizontala, eta osatzen dugun pertsonok helburu argia daukagu: errefuxiatuekiko elkartasuna. Atzo abiatu zen karabana Bilbotik Tesalonicara, eta elkarretaratzearekin gure elkartasuna adierazi gura izan dugu, ezagutzera emateaz gain.
Plataforma irekia da nabarmendu duzunez.
Bai. Interes komun bat izan dugu hor, eta ezin ginen gelditu besoak gurutzatuta. Errefuxiatuek bizi duten egoera ezagutzera eman gura dugu, eta instituzioak presionatu. Eurek dute-eta giltza egoera hau aldatzeko.
Sentsibilizazioa eta Durango errefuxiatuak hartzeko prestatzea duzue helburu. Nola gauzatu gura duzue hori?
Durango bada harrera-tokia. Udala prest dago erabilgarri dituen etxeak Jaurlaritzari eta Aldundiari uzteko. Baliabideak prest dituzte errefuxiatuak datozenerako. Hala ere, gurea kaleko lana da gehiago. Sentsibilizatzea, elkartasuna sortzea. Gainera, badugu zer esana: ez dugu uste instituzio eta gobernuek egin ahal duten guztia egiten ari direnik. Turkiako akordioa ere lotsagarria iruditzen zaigu, eta horretan guztian eragin gura dugu. Ahal dugun moduan, ahal dugun neurrian. Nola? Apurka-apurka. Durangon lehenengo pauso hori eman da.
Herritarrek ere agertu dute laguntzeko borondate hori?
Plataforma sortu berria da, eta bi ekintza antolatu ditugu. Irailari begira ari gara horiek antolatu guran, eta berriro martxa hartzean ikusiko dugu nola erantzuten duten herritarrek.
Herritarrak inplikatu gura dituzue, ezta?
Jasotako erantzuna ikusita herritarrak inplikatuta daudela uste dut. Baina, horren aurrean zerbait egiteko sortu da plataforma. Gogoa eta interesa badaude lanerako. Ez dakigu nora helduko garen, baina, herritarren presioak eraginda, instituzio eta gobernuek euren jarrera aldatzea espero dugu. Errefuxiatuak sentimenduak eta eskubideak dituzten pertsonak dira. Hori transmititu gura dugu, eta instituzioak jakitun ipini.
Euskal Herrira errefuxiatu gutxi heldu dira. Europak ezarritako kopuruak ez dira betetzen eta asko beste herrialde batzuetara doaz.
Lotsagarria da egoera, eta hori aldatzeko lan egin gura dugu. Pertsona izanik pertsona legez tratatzea gura dugu. Hor daude giza eskubideak. Hala ere, ezin dugu ahaztu jendea ez doala bere etxetik, bere herrialdetik, besterik gabe. Arrazoi bat dago atzean, arrazoi politikoa. Alde horretatik eragin genezake guk, eta hori dugu helburu. Iheslariak dira, eta etortzen badira esku zabalik hartuko ditugu, baina irtenbidea euren herrialdeetan dagoen gerra amaitzea da; denok merezi dugu bakea, eskubidea dugu.