"Beti ahalik eta ondoen egoten saiatzen naiz, entrenatutako moduan jokatzen baita zelaian"

Joseba Derteano 2016ko urr. 31a, 09:23

Joseba Valladares (Durango, 1993)

Iurretako goiko postuetan dabil Ohorezko Mailan, hein handi batean defentsako lan eraginkorrari esker. Sei partidutan gol bi jaso dituzte. Joseba Valladares (Durango, 1993) taldeko zentrala da. Taldearen gaurkotasunaz, Jon Gurutz Vazquez entrenatzailearen itzuleraz, Athleticen bizi izan zuen esperientziaz... solastu gara durangar gazteagaz.

Sei partidutan gol bi baino ez dituzue jaso. Atea ondo zainduta daukazue.
Eta jarrai dezala boladak! Oraingoz nahiko indartsu gaude defentsan, bai. Talde lanaren meritua da.

Etxeko datuak azpimarragarriak dira. Hirutik hiru garaipen, zortzi gol sartu eta bat bera ere jaso barik.
Horrela da. Ea martxa horri eusten diogun!

Etxetik kanpora, aldiz, kosta egiten zaizue. Birritan 1-0 galduta itzuli zarete. Aurkariek gol bakarra nahikoa izan dute puntuak eurenganatzeko.
Partidu konplikatuagoak dira.  Batzuetan, zelaiaren neurriak ez dira guri gehien gustatzen zaizkigunak, eta kosta egiten zaigu egokitzea. Etxean, ordea, geuk izaten dugu baloiaren jabetza normalean, eta aurkariak baloiaren atzetik ibiltzen direnez, partiduak aurrera egin ahala nekea sumatzen dute. Bigarren zatietan gol gehiago sartzen gabiltza.

Bederatzi goletik zortzi etxean etorri dira. Arrazoi bategatik edo besteagatik, gol falta duzue kanpoan.
Bai, gola sartzen digutenean kosta egiten zaigu egoerari buelta ematea. Martxa bat gehitzen dugu, baina jokaldia amaitu ezinik ibili izan gara orain arte. Zorionez, joan zen asteburuan apurtu egin genuen joera hori, Urdulizen 0-1 irabazita.

Odolkiak ordainetan. Gol bat sartu eta hiru puntuak etxera.
Eta begira zer ondo! Gainera, oraingoan geu izan gara gola azken txanpan sartu dugunak. 84. minutuan heldu zen, penalti bidez. Denak balio du.

Taldeak badu helburu zehatzik aurten, ala entrenatzaile denen moduan partiduz partidukoa aipatuko didazu ?
Simeoneren antzera, ezta? (barreak) Begira, baloia behetik mugitzeagatik eta modu horretara jokoa sortzen saiatzeagatik bereizi izan garen taldea gara, eta hori ez da ohikoa: taldeen %90ek ez du hori planteatu ere egiten Ohorezko Mailan. Beraz, denboraldi batzuetan entzun izan da igoeraren kontua. Baina hori joan da. Jokalari bakoitzak taldean jarraitzea edo aurten beste bide bat hartzea erabaki ostean, denok Jon Gurutzegaz [entrenatzailea] batera, partidurik partidu joan gura genuela erabaki genuen. Oraingoz, ondo irteten ari da.

Iurretakoren aurtengo nobedadeetako bat Jon Gurutz Vazquezen itzulera da, Iurretako eta Gertasporten arteko polemika haren ostean. Zelakoa izan da itzulera?
Ona. Urtarrilean kargutik kendu zutenean, momentu konbultsoak izan ziren. Orain, zuzendaritza batzorde berriagaz, eta une berri batean, ba, ilusioz gaude, eta batera goaz denok. Jon Gurutzek guk denok gura duguna transmititzen digu, bai jokatzeko moduari dagokionez, bai denboraldiari aurre egiteko moduari dagokionez.

Taldeak zelan bizi izan zuen Jon Gurutz kargutik kentzea? Eragin zizuen, ala apur bat kanpotik bizi izan zenuten?
Taldeko entrenatzailea zen, eta ezin daiteke kanpotik bizi. Eragiten du. Gaia komentatzen genuen, baina kirolez kanpoko gaiak zirenez, gure lanean zentratzen saiatzen ginen, orduko entrenatzaileagaz zein zuzendaritza batzordeagaz.

Taldean giro ona dago?
Bai, eta hori beharrezkoa da. Bazkariak, bromak, entrenamendu saioen ostean pintxoren bat edo beste… Horrek guztiak hartuemanak sendotzen eta taldea indartzen laguntzen du, eta itzelezko garrantzia du. Orain momentu gozoan gaude.

Hasierako hamaikakoan finkoa zara. Zelan zaude arlo pertsonalean?
Entrenamenduz entrenamendu noa. Kontatuko balizute nire taldekideek zelan ikusten nauten zelairatzen naizen bakoitzean! Zelaira erabat kontzentratuta irteten saiatzen naiz, ia inor ez agurtzeraino. Futbola pasioa da. Athleticen esperientzia gertutik bizi izan dut, eta horrek lorratz ahaztezina uzten du.

Konstantzia eta azkartasuna dira zure bertuterik onenak?
Azkartasuna ez dakit, konstantzia bai. Beti ahalik eta ondoen egoten saiatzen naiz. Entrenatutako moduan jokatzen baita zelaian. Beste dohain bat aipatzekotan, azkartasuna barik baloiaren irteera aipatuko nuke beharbada.

Gazteagotan lau urte eman zenituen Athleticen. Zein da esperientzia hark utzi zizun lorratza?
Erantzukizuna, konpromisoa, alderdi teknikoa zein taktikoa… denetarik apur bat.

Athleticeko horien zer oroitzapen duzu?
Hasierako hirurena oso ona. Dena jokatu nuen. Gogoan dut, esaterako, estatuko Nike Txapelketa kadeteetan. Valentzian izan zen, eta hirugarren amaitu genuen, Bartzelonaren eta Real Madrilen atzetik. Lorpen bat izan zen. Euskadiko selekzioagaz Hego Korean ere egona naiz. Finalerdietan etxeko selekzioaren kontra jokatu genuen, epailea ere hangoa zen eta… Ostu egin ziguten partidua, aurkako penaltia adierazita. Partiduaren amaieran epaileak barkamena eskatu zuen.

Jokalari gazteak Athleticera batzean, ilusioz gainezka egoten dira, baina ez dute futbolaren krudeltasuna ezagutzen. Hau da, gutxi batzuk heltzen direla gora. Gogorra egin zitzaizun Athletic uztea?
Bai, jakina gogorra egiten dela. Horrelako uneetan gurasoen figura oso inportantea da. Nik banekien azken urtean ez nuela ezer jokatu, ez niola taldeari ezer inportanterik eskaini nahiz eta egunero horretan saiatu entrenamentuetan eta, hala ere, gurasoek defendatu egin ninduten arduradunen aurrean. Hori itzela da.

Bost urte daramatzazu Iurretakon. Etxean sentitzen zara?
Bai, erabat. Urterik gehien eman dudan taldea da.

Durangar bat Iurretan etxean sentitzen dela esaten…
(Barreak). Auzokoak gara, azken batean. Gainera, Durangon bizi naiz, baina Iurretagaz muga-mugan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!