Udal liburutegiek ere luzatu dute ikasturte berrirako eskaintza

Anboto 2016ko ira. 19a, 09:25

Literaturarekiko zaletasuna beste batzuekin partekatu, askotariko arloen inguruko formazioa jaso, zein ipuin kontalarien saioak edo berbaldiak entzuteko gero eta aukera gehiago eskaintzen dituzte liburutegi publikoek. Durangaldeko liburutegiek ere eskaintza zabala prestatu dute hasi berri den ikasturtean literaturzaleak liburutegietara erakartzeko.

Durangon, haurrengandik hasi eta helduenganaino, adin tarte guztietako literaturzaleei zuzenduriko irakurketa klubak ezezik, literaturari loturiko hainbat tailer ere ipiniko dituzte martxan: Hitzen laborategia, 8 eta 12 urte artekoentzat; eta Orain zu zara idazlea, 16 urtetik gorakoentzat. Zabalik dago tailer horien izen-ematea.

Elorrioko liburutegian, Azalerako ipuinak programa eta euskara eta gaztelaniazko irakurle klubak osatuko dituzte, eta irailaren 19an zabalduko dute izena emateko epea. Aurten, bestalde, genealogiari buruzko tailer bat ere eskainiko dute.

Iurretako Bibliotekan, azken urteetan bezala, ingelesa, frantsesa eta alemana praktikatu gura dutenentzat mintza praktika taldeak antolatu dituzte.  Literaturzaletasunari loturik, adin tarte desberdinetako erabiltzaileentzat eskaintza luzatu dute Iurretan: ume jaioberrientzat Azalerako ipuinak programa, 3 eta 7 urte artekoentzat Bularretik Mintzora irakurketa kluba, gazteentzat Peru Magdalenak dinamizaturiko Paperezko hegoak programa, emakumeentzat irakurketa kluba, eta irakurketa errazeko taldea ipiniko dituzte martxan, besteak beste.

Zornotzako liburutegian urrian hasiko dituzte tailerrak. Iñaki Irasizabal herriko idazleak gidatuko duen Nobela bat idazteko gakoak tailerrean parte hartzeko aukera izango da, esaterako. Gainera, Durangon eta Iurretan bezala, adin tarte desberdinei zuzenduriko irakurketa taldeak ere osatuko dituzte, eta zabalik dago izena emateko epea.

Durango, Elorrio, Iurreta eta Zornotzako udalen webguneen bitartez eskuratu daiteke udal liburutegiek eskaintzen duten programazioaren inguruko informazio guztia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!