Worth It: "Gure musika guk beste gozatzen duen lagun taldea dugu inguruan"

Anboto 2016ko ira. 12a, 09:10

Irailaren 16an Zaldibarko Gaztetxeko jaian aurkeztuko du Worth It taldeak 'Closer' lehenengo diskoa.

Zelakoa izango da irailaren 16ko Zaldibarko kontzertua?
Odei Arrizabalaga:
Gure kontzertuak izan ohi diren eran, zuzena eta intentsoa izango da, eta gure lehen diskoaren aurkezpen jaialdia denez, sorpresaren bat ere egongo da. Onena, bertara etorri eta gugaz batera ondo pasatzea eta dena ematea da.

Fourscore eta Drop taldeek ere joko dute aurkezpenean. Nondik dator talde horiekin daukazuen harremana?
O.A.: Gure taldea sortu aurretik euren kontzertuetara joaten ginen, eta lagun handiak ditugu orain. Euskal Herrian dagoen hardcore talde garrantzitsuenetariko bat da, eta oso pozik gaude gure lehen diskoko aurkezpen jaialdian joko dutelako.

Urtebetean kontzertu asko jo dituzue. Itxura batean, asko gozatzen duzue zuzenekoa.
O.A.: Kontzertuetan gozatzen dugu gehien, izan ere, gure abestiak zuzeneko abestiak direla uste dugu. Lokalean sortzen ditugun kantak jendeagaz partekatzea esperientzia itzela da. Gainera, ez dago jendea gozatzen ikustea bezalakorik. Eszenatokian gauden momentu horretan, gure bizitzetan ez dugu beste ardurarik. Gure abestiak, jendea eta gozatzea, besterik ez.
Ander Olabarriaga: Ilusio handia daukagu, eta egiten duguna bizi dugu. Taldeak harrera ona izatearen gakoetariko bat horixe dela uste dugu. Jendeak gure ilusioa, energia eta gogoa nabaritzen dituela.
Aritz Aranburu: Taula gainean ari garenean, jendeagaz konexio edo enpatia bat sortzen saiatzen gara, Hardcore musikak berezko daukan ezaugarrietako bat da hori. Denon artean sortzen da kontzertua eta gure musikak eta estiloak sustatzen dituzten balio horien artean dago, ikusleek ere gugaz batera parte hartzea.

Denbora gutxian kantak sortu, kontzertu asko eskaini eta disko bat grabatu duzue. Zelan lortu duzue egitasmo horiek guztiak gauzatzea?
O.A.: Lanagaz, esfortzuagaz eta ilusioagaz. Zerbaitetan sinesten duzunean, eta gustuko badozu, edozer egin daiteke. Talde bat izanik, denok behar ditugu osagai horiek; helburu bat ipini, eta lortu arte ekin. Kanpoko jendearen laguntza eta bultzada ere ezinbestekoak dira, eta, zorionez, laguntza handia izan dugu.
A.O.: Egiten dugun musika guk beste gozatzen duen lagun talde polita dugu inguruan. Beraien laguntza barik taldearen lehen urtea ez zen hain gozoa izango.
A.A.: Taldea sortu eta ibilbidea hasi genuenean, egiten genuena benetan gustuko genuela eta proiektuak merezi zuela konturatu ginen, benetan gustuko zerbait aurkitu genuelako.

Zer sentsazio duzue egindako lana entzuten duzuenean?
O.A.: Sentsazio oso ona. Lan gogorra izan da disko hau grabatzea. Gutariko batzuentzat lehen aldia izan da estudio batean, eta esperientzia gogorra baina atsegina izan da, batez ere kantak forma hartzen doazela ikustean. Prozesua pentsatu baino gehiago luzatu da, baina islatu gura genuena lortu dugula uste dugu. Eskerrak eman gura dizkiogu Jon Olabarriagari bere lan eta pazientziagatik. Bera izan da prozesu guztiaren gidari, eta asko lagundu digu.

Zuzenean transmititzen duzuen energia eta indarra dira zuen ezaugarrietako bat. Zaila izan da hori diskoan islatzea?
O.A.: Gure arduretako bat hori izan da. Disko bat aurkezpen txartel bat da, eta zuzenekoagaz lotuta dago. Horregatik, laburrak eta zuzenak dira kantak. Abestien ordena ere ondo pentsatuta dago, bata bestearen segidan eta oso hurbil doaz, diskoak erritmo altua izan dezan.
A.O.: Zuzenean egin ezin dugun ezer ez dago diskoan. Ahal den heinean, diskoak gure kontzertu bat irudikatzea gura dugu.
A.A.: Hardcore musikak berezkoa duen indar hori zuzenekoetan pizten den zerbait da, musika estilo honen potentziala zuzenekoa baita. Dena dela, diskoa entzuten duenak doinu horiek ezagutzeko aukera izango du, eta gure kontzertu batean zer aurkitu dezakeen ere.

Taldekideetako batzuk beste hainbat taldetan jotakoak zarete... Zelan elkartu zineten Worth It sortzeko?
A.O.: Odeik eta biok denbora dezente pasatu genuen taldekide egokiak topatu guran. Ilusio handia genuen, baina taldekideak falta. Tarran taldean egon behar zela argi ikusi genuen, eta aurrerago, Imanol eta Zana sartu zirenean, beste dimentsio bat hartu zuen taldeak. Egiten dugun musika ganoraz gauzatzeko ezaugarri eta gaitasun konkretu batzuk behar dira, abiadura eta indarra adibidez. Eurekin, taldeak hasieratik amesten genuen izaera hartu zuen.
A.A.: Taldekideon artean, musika aldetik estilo eta influentzia ezberdinetatik gatozen arren, Hardcore-aren baitan elkartu gara denok. Horixe da Hardcore mugimenduak daukan ezaugarri aberatsenetako bat: jendea anaitasun eta laguntasun giroan elkartzea.

‘The Right Hand’ aurkezpen kanta bezala laburrak, bizkorrak eta intentsoak dira diskoko beste kantak ere?
O.A.: Kanta guztiak ez dira hain bizkorrak, baina erritmo altua eta intentsitatea ez dira galtzen disko osoan. Hori da gustuko duguna, eta hori da egiten duguna.
A.O.: Gure helburua beti izan da hardcore azkarra egitea. Abesti dinamiko eta erritmo handikoak dira denak. The Right Hand-egaz, gure estiloa zein den argi utzi gura genuen.

Zaldibarrera joaterik ez duenak edukiko du ‘Closer’ zuzenean entzuteko beste aukerarik Durangaldean?
O.A.: Taldea hasi genuenetik, asko jo dugu Durangaldean, eta oso pozik gaude. Deitu eta lagundu diguten lagun, Gaztetxe eta taberna guztiei oso eskertuta gaude. Momentuz, aurkezpenetik aparte ez dugu besterik lotuta Durangaldean, baina kontzertuak ematea de gehien gustatzen zaiguna, eta zabalik gaude edozertarako! 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!