Trikitizaleek bi hitzordu dauzkate asteburu honetan

Anboto 2016ko uzt. 1a, 12:30

Trikiti doinuen Durangaldeko  zaleek hitzordu bi izango dituzte asteburu honetan gozagai. Bihar, uztailaren 2an, Iurretako Amatza auzoko San Martin jaien barruan, Amatzako II. Trikitixa jaialdia egingo dute. Lau trikitilari eta panderojole bikote eta bi erromeria talde entzuteko aukera dakar jaialdi horrek, bihar, 20:00etatik aurrera, Iurretako Amatza auzora.

Huntza eta Kupela talde gipuzkoarrak; eta Aburruzaga eta Urrutia, Eneritz eta Edurtzeta, Laja bigarrena eta Narbaiza, eta Jauregi eta Julene bikoteak arituko dira Amatzako trikitilari jaialdian parte hartzen. Antolatzaileek azpimarratu dute oso pozik daudela, joko duten lau bikoteetako bi bizkaitarrak direlako: Aburruzaga eta Urrutia, eta Ene Bada taldeko kide izandako Durangaldeko Eneritz eta Edurtzeta.

Hamar minutu bakoitzak
Hamar minutuz joko du jaialdiko parte-hartzaile bakoitzak, eta “emanaldi laburrak izango direnez, errepertorio berezia prestatuko dute Amatzako jaialdirako”, Egoi Petite trikitilari eta antolatzailearen berbetan. Talde bakoitzaren hamar minutuko emanaldia entzutea, “sei bikote ikusteko modu oso atsegina eta arina” dela azpimarratu du Petite antolatzaileak.

Jaialdia amaitu eta gero, afaltzera elkartuko dira trikitilari eta trikitizaleak, Amatzan. Afalostean ere, elkarregaz gozatuko dituzte trikiti doinuak.

Elorrioko txapelketa
Trikitilari gazteen zazpi bikotek joko dute, bestalde, uztailaren 3ko Elorrioko emanaldian. Hogei urtetik beherako musikariek parte hartuko dute txapelketa horretan, gipuzkoarrak denak. Txapelketaren lehenengo edizioa irabazi zuten Julen Alondok eta Eneritz Aulestiak parte hartuko dute, esaterako.

Hiru pieza jo beharko ditu bikote bakoitzak, eta sari hauek jasoko dituzte lehenengo sailkatuek: txapela eta 250 euroko saria lehenengoak, 200 euro bigarrenak, eta 150 hirugarrenak.

Juan Luis Elorza ekimenaren antolatzailea pozik dago txapelketaren orain arteko bi edizioetan jaso duten erantzunagaz, “baina urteko gainontzeko egun guztietan trikitixa kalera ateratzeko” ekintza gehiago behar direla ere uste du. Elorzaren berbetan, “astindu bat behar du trikitixak: inguruko herrietan tradizio handikoa izan da trikitixa, eta gaur egun ere ume eta gazte asko dabil trikitixa jotzen ikasten, baina kalean indarra berreskuratzea behar du”.

Alde horretatik, Elorrioko txapelketaren aurreko egunean izango den Amatzako jaialdia “oso ederra” izango dela uste du Elorzak. “Trikitixaren alaitasuna gazteei transmititzen laguntzen dute ekimen horiek”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!