Estaturik bako munduko herri handiena da Kurdistan, Turkia, Siria, Iran eta Iraken baitan zatitu zutena. Azkenaldian, Estatu Islamikoari (EI) aurre egitearren sona hartu dute, eta Siriako partean dagoen Kobaneko erresistentzia da adibide. Borrokaren eraginez, EIk hiria suntsitu zuen.
Allisonek eskerrak eman ditu egindako "harrera beroagatik". Azken 12 hileetako gatazkan, 7.000 lagun hil direla kontatu du, gehienak kurduak. Frankisten bonbardaketekin alderatu du: "Hemen orain 80 urte gertatu zena gertatzen dabil orain Kurdistanen". Elkartasun mezu horri heldu dio Aitziber Irigoras alkate durangarrak: "Zuen samina gertukoa da guretzat". Kobane berreraikitzen laguntzeko eta hango egoeraz informatzeko konpromisoa hartu du. Bestalde, euskal preso gaixoak askatzea eskatu du Allisonek: "Europako estatu demokratiko batetik espero daitekeena da Gorka Fraile bezalako preso gaixoak askatzea. Arazo politikoa humanoa ere bihurtzen da".
Ekitaldian Miren Urigoitia zinegotzi otxandiarra eta Idoia Buruaga alkate elorriarra ere egon dira. Buruagaren ustez, aberasgarria izango da senidetza, memoria egiteko ere. "Askotan ahaztu egiten zaigu Euskal Herrian bizi izan duguna".