“Kurduek oso harro esaten dute euren herria herriak berak askatu duela”

Anboto 2016ko api. 15a, 09:25

Europa zaharraren sortaldean, mende luzetan zehar, bada herri bat bere udaberriaren esperantzan bizi dena: Kurdistan. Petrolioaren interesek eragindako gatazken erdian, Turkia, Siria, Iran eta Irak estatuetan zatitutako lurraldean. Arerio gutxi ez, eta Estatu Islamikoa (EI edo Daesh) ere kurduen kontra agertu da. Albistegietan, gerraren erdian ikusi ditugu berriro ere kurduak.

Azken asteetan, Durangaldeko hainbat lagun egon dira bisitan, Newroz ospakizuna aprobetxatuta. Neguari agur esaten diote kurduek jai horretan; suaren bueltan, herriaren erresistentzia omentzen dute, eta esperantzarako eguzkiaren etorrera ospatu ere bai. Durangaldeko lagunek, albistegietan agertzen ez den Kurdistanen beste aurpegi bat ere badakarte: estatuetatik aparte, auzo eta komunitatetan egituratzen dabilen herri bat, emakumeak protagonista dituena.

Rojava askean
Mikel Gandarias, Adrian Zelaia eta Jon Bingen Landabidea durangarrak Siriako partean egon dira, Rojavan, Markel Brouard bilbotarragaz batera. Medikuak dira Zelaia, Brouard eta Gandarias, eta hortik sortu zitzaien bidaiatzeko interesa, azken horrek kontatu duenez:  “MIR azterketa amaitu dugu, eta, normalean, bidaia bat egiteko ohitura egoten da. Baina, ez genuen gura edonolakoa, munduarekiko ikuspegi bat emango zigun bidaia bat baizik”. Kurduen proiektu politikoa eta osasun sistema ezagutu gura zituzten, besteak beste. Hegazkinez Irakera joan, eta handik Rojavara hurreratu ziren. EIren tropen erasoaldiari eutsi egin diote kurduek, eta bota ere egin dituzte, Kobane hiritik, adibidez. Tiro eta bonben pausa horretan, uneotan Turkian baino lasaiago daudela diote lau lagunek, baina Kobanen “zutik zeuden gauza gutxi” topatu dute, Landabidearen arabera. Suntsitutako etxeen ondoan, eremu berrietan hasi dira eraikinak altxatzen. “Berreraikitzen dabiltza, baina denbora beharko da oraindik”, esan du Gandariasek. Brouardek azaldu du EIren erasoaren ondorioz ihes egin behar izan zutenen %70 bueltatu direla, eta harro daudela: “Oso harro esaten dute euren herria herriak berak askatu duela”. Rojava eta Siria iparraldeko federazio askea aldarrikatu berri dute kurduek.

Bonbak entzuten
Kurduek EIren eta Turkiaren oldarraldiei eusten jarraitzen dute. “Futbol zelai batean jolasten egon ginen ume batzuekin. Bonbardaketak eta tiroketak entzun genituen, baina mugaren bestaldekoak ziren”, esan du Brouardek. Armak hartuta borrokan dabiltzan asko emakumeak dira, eta Zelaiak azaldu du zergatia: “Gizonek emakumeengan agindu behar ez duten filosofia batetik hasita, egitura politiko eta sozial guztietan emakumeen egitura paralelo bat dago, armadan barne”. Kurduen elkarte edota erakundeetan, ordezkariak beti dira emakume bat eta gizon bat.

Estaturik ez
Feminismoa barneratzen egindako lana filosofia oso baten baitan kokatzen da. Gandariasek adierazi duenez, herritarren jabekuntza dute oinarri. Behetik gora, auzoak, herriak eta kantoiak antolatzen dabiltza, aginteko estatuaz aparte. 2005ean Okhalan lider politikoak teorizatutako konfederazio demokratikoaren proposamena da, estatu bat beharrean, lurralde askeak sortzea helburu duena, kurduentzat eta bertan bizi diren etnia guztientzat. Gandarias: “Euren arabera, komunitateen sistema horregaz Ekialde hurbil osoari proposamena egin diote, gatazka guztiak behin betiko amaitzeko”.

Osasuna, aske izateko
Ospitale zibilak, militarrak eta Ilargi Erdi Gorriaren instalazioak bisitatu dituzte. “Baliabide aldetik nahiko mugatuta daude, batez ere daukaten blokeoagatik”, azaldu du Brouardek. Hala ere, osasun beharrizanak herritarrek osatutako batzordeen bidez asetzen saiatzen direla azaldu du Gandariasek: “Osasunik barik pertsona ezin dela aske izan uste dute”.

Euren esperientzia www.ongietorrirojava.wordpress.com blogean kontatuko dute.

Ezkerretik hasita, Brouard, Gandarias, Zelaia eta Landabidea  Ezkerretik hasita, Brouard, Gandarias, Zelaia eta Landabidea

  Kobanen hartutako irudia. Umeak etxe hondakinen ondoan jolasten.

  'Newroz' ospakizunean hartu zuten parte gazteek.

 

 

 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!