"Erritmoa eta teknika behar dira, gorputz mugimendu asko dago-eta"

Anboto 2016ko eka. 25a, 10:00

Bachata, Kizomba, dance-hall, dantza garaikidea... doinu latinoamerikar edo afrikarrek hartuko dute Plateruena, gaur. Noemi Perezek eta Asier Quintanak Bachata eta Kizomba eskolak ematen dituzte Durangon,  eta urteko lana erakusteko 40-50 bat dantzari igoko dira oholtzara. Dantzarako erritmoa garatu egiten dela diote.

Noiztik duzue harreman hau Bachatagaz?
Noemi Perez: Sei urtegaz hasi nintzen, amagaz joaten nintzen dantza latino eskolak hartzera. Gero, Asier ezagutu nuen, eta dantza-bikotea izateko prestatzen hasi nintzen. Honetan aritzea erabaki ondoren, bikote legez trebatzeko, hainbat ikastaro eta master egin ditugu Espainian.
Asier Quintana: Noe ezagutzean hasi nintzen. Berak emandako ikastaro batean hasi, eta gustua hartu nion. Dantzarako gaitasuna nuela-eta, prest banengoen irakatsiko zidala esan zidan, eta halaxe hasi ginen. Hiru bat urtean ari gara.

Dantza latinoak irakasten dituzue, ezta?
N.P.: Astelehenetik eguenera ematen ditugu eskolak, Durangon. Hilean bariku baten, berriz, nahi duenarentzat  tailerra antolatzen dugu. Beste hainbat tokitan ere bagabiltza; Bilbon ere egin ditugu tailerrak. Hala ere, hemen ez dago dantzatzera bakarrik irteteko ohiturarik.
A.Q.:  Talde bategaz hasi ginen iaz, martitzenetan. Gazteak animatu gura genituen, eta aurretik dantzan ibilitakoak. Bachata sentsuala egiten dugu, eta gorputz mugimendu asko eskatzen ditu, gaitasun fisikoa eta erritmoa. Orain, lau egunetan ditugu eskolak, eta 60 bat lagun batu izan dira.

Ez gara dantzara irtetekoak...
N.P.: Horretan urte batzuk atzean gaude. Badaude dantzarako baino ez diren diskotekak, gaztez beteta. Goizaldera arte egon zaitezke dantzan, eta ia ez duzu kontsumitzen. Oso giro ona sortzen da. Espainian —Andaluzian edo Alakanten— oso zabalduta daude. Dantza sozial hori zabaldu guran hasi ginen tailerrokin.

Euskaldunak ez ei gara gerria mugitzekoak. Gutxiago mutilak...
N.P.: Txip-a aldatzen ari da. Orain urte batzuk Bachata dantzatuko zutela pentsatu ere egingo ez zutenak datoz. Behin hasita dena teknika da.
A.Q:  Ohikoena da, bai, mutilak falta izatea, baina, aldatuz doa. Talderen batean izan ditugu mutilak, neskak baino gehiago. Mundu oso osasuntsua da.

Zer behar da Bachata sentsuala ondo dantzatzeko?
A.Q.: Erritmoa eta teknika. Gorputz mugimendu asko daude. Mutilak gidatzen du dantza, eta neskak horri jarraitzen dio. Neskak esandakoa ulertu dezan, teknika asko behar da; minik ez egiteko ere bai, gorputz mugimendu asko dira-eta.
N.P.: Dena dago oso lotuta; denak du bere zergatia. Teknikarik ezean, ohiko bikotea ez duzunagaz ez dago ulertzerik.

Sentsualitatea dario...
N.P.: Momentu sentsualak dituen arren, hanken mugimendua du oinarri bachata tradizionalak. Urteekin fusionatuz joan da, mugimendu sentsualagoetara joaz. Hala ere, dantzan zaudela, teknikaz eta dantzaz disfrutatzea baino ez duzu gogoan. Hori da ardura. Dantza sentsuala da, baina, ez sexuala.
A.Q.: Ez du reggaetoiagaz zerikusirik.

Dantza hauetarako gero eta espazio gehiago daude, ezta?
N.P.: Hala da. Dantza hauek modan hasi dira jartzen gazteen artean.

Zer dute Bachatak edo Kizombak besteek ez dutena?
N.P.:  Engantxatu egiten dute.  Lanik ez badugu, dantzara goaz! (barrez). Askotariko jendea batzen gara, harremanak sortzen ditugu, eta aurreiritziak alboratzen laguntzen du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!