Atxondoko jaiak 2016

Jaietako argazki zaharrak bertsotuko dituzte Abasolo eta Bizkarra bertsolariek

Anboto 2016ko eka. 24a, 12:50

Axpeko jaien barruan herri afaria egiten dute urtero pilotalekuan, eta afalostea berezia izan ohi da: musika, bertsoak… beti izaten da ikuskizunen bat. Zapatu honetako afalosteak historia, memoria eta bertsoak uztartuko ditu.

Jaien antolakuntzan dabiltzan kideek jaietako argazki zaharrak batzen jardun dute. “Bati eskatu eta besteari eskatu, azkenean handik eta hemendik bilduma polita osatzea lortu dugu. Ez argazkiak bakarrik, sasoi bateko jai egitarauak ere batu ditugu”, azaldu du Jon Armendiak.

Argazki horietatik batzuk aukeratu, eta zapatu honetako afalostean, 22:30 inguruan, pilotalekuan egokitutako pantaila batean emango dituzte. Bati baino gehiagori memoriaren kutxa irekiko dioten argazkiak jarriko dituzte. Eta argazki bakoitzari bertsoak egingo dizkiote Eneko Abasolo ‘Abarkas’ eta Aitor Bizkarra bertsolariek. Bertsorik bertso, Axpeko jaien azken 40 bat urteetako historia errepasatuko dute axpetarrak protagonista dituen argazkien bidez.

Esaterako, argazkietako bat pilota partiduak herriko gazteek jokatzen zituzten sasoikoa da. Orduko hartan, Gorrotxategui-Orunak eta Barrutia-Basetak jokatu zuten lehenengo, eta Lazkano-Lorentzok eta Larrabaster Kastillo I-ak ondoren. Beste argazki batean, Atxondo mailako jota txapelketan —Axpen egin ohi zen— parte hartu zuten lagun bi ageri dira, bizi-bizi dantzan. Urte hartako irabazleak 2.000 pezeta irabazi zituen.
Abasolok eta Bizkarrak ordu eta erdi inguru emango dute argazkiei bertsoak egiten. Gauerdia gainean dela, Luhartz taldearen erromeria hasiko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!