Gaurtik igandera, bizikletaren unibertsoa Durangon kontzentratuko du BIBE azokak

Anboto 2016ko eka. 24a, 11:45

Durango errubera biko unibertsoaren erdigune bihurtuko da gaurtik domekara. BIBE azokak bizikletari lotutako markarik onenetakoak batuko ditu Landako erakustazokan. Sektoreari lotutako 100 bat markek (Giant, Specialized, Colnago, esaterako) beren postua izango dute.

BIBE azokak bigarren aldia izango du. Lehenengoa 2014an izan zen, Barakaldoko BEC-en, eta 18.000 lagun inguru batu zituen. Aurreikuspen denak apurtu zituen orduko arrakastaren ostean, antolatzaileek asko zaindu dute bigarren aldiko eskaintza. Horrela, bizikleta bere adierarik zabalenean hartuko duen azoka antolatzen saiatu dira. Esaterako, azokak bizikletaren munduko hainbat arlori bideratutako guneak izango ditu: zerbitzu biomekanikoaren gunea, bizikleta-bidaiena, bizikleta eramateko  tresnena…

Beste nobedade bat gazteei zuzendutako gunea da: bizikletan osatu beharreko oztopo probarako zirkuitua, patinete zein roller-etan ibiltzeko arrapalak…

Bizikleta martxa Urkiolara
Aurtengo nobedade nagusienetako bat azokaren harira bihar lehenengoz antolatuko duten BIBE Transbizkaia Iraupen Luzeko bizikleta martxa da. 08:00etan Landako Erakustazoka paretik irtengo dira txirrindulariak, eta 180 kilometroko ibilbidearen ostean, Urkiolako santutegian amaituko da martxa. Gipuzkoatik egingo dituzten 20 kilometroak kenduta, gainerako ibilbide osoa Bizkaitik izango da, eta tartean zortzi mendate igoko dituzte: Kanpazar,  Ixua, Milloi, Astorkigane, Sollube, Gerekiz, Muniketa eta Urkiola. Probak 300 bat parte-hartzaile izango ditu.

Bizikleta eguna
Duranguesa txirrindulari elkarteak urtero antolatzen duen Bizikleta Eguna BIBE egitarauaren barruan dago aurten. Bihar, 11:00etatik aurrera, ibilbide bi  prestatu dituzte. 6-10 urte artekoentzako lehenengoan mountain bikegaz, errepideko bizikletagaz zein paseoko bizikletagaz egin daiteke Muntsaratzerako joan-etorria. 10-16 urte artekoentzako ibilbidea mendiko bizikletan egin beharra dago, mendi bideetatik ibiliko dira eta. Izen-ematea doakoa da, eta 10:30etik aurrera egin daiteke. Ostean, puzgarriak, BMX erakustaldia… egongo dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!