Erromesaldi artistikoa Xabier Amurizagaz

Anboto 2016ko eka. 20a, 09:18

Xabier Amuriza gidari hartuta, bi autobusetan burutu zuten atzo goizean zehar, bertsolari eta idazlearen bizitzan esanguratsuak izan diren hainbat lekutan zehar "erromesaldi artistikoa". Plazetatik erretiroa hartu duen honetan, Durangaldeko bertso eskolak Amurizari eskerrak emateko antolatu dituen ekintzetatik azkena izan zen atzokoa.

Goizeko 09:30ean Berrizen elkartu, eta Amurizaren umetako Etxanora egin zuten bidaia Durangaldeko erromesek. Etxanoko lehenengo geldialdi horretan auzo elkarteko lagunek dantza emanaldia eskaini zioten Amurizari, bertsolari lagunek kantatu zioten, eta hamarretakoan elkartu ziren bertaratutako guztiak.

Etxanotik Zornotzara jarraitu zuen erromesaldiak. Han bertso eskolakoek eta Mikel Urdangarinek Amurizari eskainitako emanaldien ostean, Iurretako plaza izan zen hurrengo geldialdia. Abesbatzak eta Kristina Mardaras eta Juan Mari Areitio bertsolari lagunek kantatu zioten han, eta dantzariek emanaldia eskaini.

Gerediagara iristerako, Jon Maia, Alaia Martin, Jone Uria, eta Amets Arzallus bertsolariak zain zeuzkaten erromesek. Eta baita, Ander Lipus aktorearen ahotik Xabier Amurizari buruzko euren gomutak eskaini zituzten Joseba Sarrionandia eta William Douglas ere.

Amaitzeko, adin guztietako berriztarrek hitzordu horretarako osaturiko taldeak Xabier Amurizaren kanten pot-pourria eskaini zuten, Berrizko Olakueta plazan. Herri bazkarian elkartu ziren plaza horretan gero, berrehun lagunetik gora, eta bazkalostean ere jarraitu zuten musikak, bertsoek, eta Xabier Amurizaren inguruko lagun arteko jai giroak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!