Nekazariek ere babesa erakutsi diote Berton Bertokoa dinamikari

EHNE sindikatuak, ENEEk erakundeak eta Durangoko merkatu plazako baserritarrek atxikimendua eman diote eskola jantokietan bertako produktuak jatearen aldeko plataformari. Dinamika gero eta indar handiagoa hartzen dabil.

Zapatuan, Durangoko merkatu plazan talde argazkia atera zuten gurasoek, umeek, baserritarrek eta erakundeetako ordezkariek. Plataformakoek, ikasleen plateretako jakiak bertakoak, sasoikoak eta eskolako jantokian prestatutakoak izatea gura dute, eta martxoan eman zuten ekimenaren berri. Geroztik, atxikimenduak batzen dabiltza. Esaterako, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoena jaso zuten duela aste batzuk.

"Gure laguntza edukiko dute", esan du Urdaspal Alberdi baserritarrak. Bertako nekazaritzaren aldeko ekimen lez ere ikusten du, baina "gizarte osoarentzat onuragarri" izan daitekeela irizten dio. Gainera, ideia egi bihurtuko balitz, "bertako ekoizleen falta dagoela konturatuko ginateke", bere arabera (Izan ere, 2.000 ikasletik gora egoten dira egunero Durangaldeko jantokietan). Horregatik, atzetik bestelako beharrizan batzuk piztuko lituzkeelako ere, interesgarria ikusten du.

"Logikaz betetakoa"
EHNE sindikatuko Alazne Intxausperen iritziz, "oso garrantzitsua da gurasoek euren seme-alaben elikaduraz arduratzen hastea". Elikadura, hezkuntza sistemaren parte izan beharko litzatekeela dio, eta proiektu integral baten beharra dagoela; umeen heziketa edota sukaldeko langileen baldintzak ere kontuan hartu behar dira bere ustez, ez bakarrik ekologikoa jan ala ez. Guraso elkarteen erabakitzeko eskubidea defendatu du, eta eskariari erantzutea administrazioaren ardura dela nabarmendu du.

Roman Bengoa ENEEK-eko (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua) kidea da, eta gurasoen eskaera, "logikaz betetako gauza bat" dela esan du. Horregatik, aurrera eraman beharrekoa dela ikusten du. "Bertako nekazaritzak edukiko lukeen gorakada" azpimarratu du.

Erlazionatuak

“Umeen eskubidea da ganorazko elikadura bat edukitzea”

Durangaldea

Guraso elkarteek jantoki eredua aldatzeko manifestu bat landu, eta babes bila hasi dira.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots ere, eskoletan bertako eta sasoiko produktuak jatearen alde

Durangaldea

Durangaldeko hainbat guraso elkartek, eskoletako jatekoa bertan prestatua eta bertako eta sasoiko produktuekin izatea aldarrikatzeko dinamika ipini...
Durangaldeko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak whatsapp bitartez jaso gura dituzu? Bidali ALTA 688 635 041 telefono zenbakira.