“Umeen eskubidea da ganorazko elikadura bat edukitzea”

Anboto 2016ko mar. 11a, 09:25

Guraso elkarteek jantoki eredua aldatzeko manifestu bat landu, eta babes bila hasi dira.

Jaten duguna ei gara, eta kontzientzia hori gero eta gehiago zabaltzen dabil gizartean. Hori gertatzen da Durangaldeko hainbat gurasogaz ere; euren umeek eskolako jantokietan jaten dutenagaz kezkatuta daude. Ikasleen plateretako jakiak bertakoak, sasoikoak eta eskolako jantokian prestatutakoak izatea gura dute, katerin enpresa batek egindakoa izan beharrean. Durangoko Kurutziaga ikastolan, esaterako, bertako produktuak sartzen hasi dira errezetetan. Kezka hori Jaurlaritzaren menpe dauden eskoletako jantokietan ere gorpuzten joan da, eta orain, Durangaldeko zazpi ikastetxetako guraso elkarteek indarrak batzea erabaki dute. Durangoko Landako eta Zabalarra, Abadiñoko eskola biak, Atxondokoa, Elorriokoa eta Iurretako Maiztegi eskolako gurasoak dira. Manifestu bat landu dute euren aldarrikapenekin, eta asteon zabaltzen hasi dira.

“Umeen eskubidea da ganorazko elikadura bat edukitzea”, adierazi du Alex Azpiri atxondarrak, nazioarteko adierazpen bat oinarri hartuta. Uneotan, zazpi eskola horiek batuta, 2.000 ikaslek baino gehiagok jaten dute jantokietan. Eskolaz eskola, egoera desberdina da. Katerin enpresak jatekoa eginda ekartzen du ikastetxe batzuetara, eta bertan, berotu egiten dute; beste hainbatera, produktuak ekarri, eta bertan prestatzen dute; badago sukalderik ere ez daukan eskolarik. Atxondokoak, adibidez.

Gurasoen kezkak
Zelaietako eskolan badaude sukaldariak, baina produktuengatik dute kezka. Elixabete Agirre: “Produktuak nondik datoz? Zer distantzia egiten dute? Mantendu al dute tenperatura? Sukaldariek, sarri, produktuak atzera bota dituztela ere badakigu”.  Kezka horretaz galdezka jarraitu du Azpirik: “Zelan erein da produktua? Zer ongarrigaz? Zer pestizidagaz babestu da?”. Atxarte Agirre abadiñarrak dio soluzioa eskolaz eskola topatu beharko dela, baina oinarri bategaz: “Produktu gehienak bertakoak izatea nahi dugu”.

Iurretan ere jasotzen dute lehengaia enpresatik, eta bertan prestatzen dute. Orain lau urte hasi ziren guraso batzuk gaia lantzen, Egoitz Ortiz de Zaratek dioenez: “Kudeaketa gurasoek egitea zen gure helburua. Baina oso gaitza dela ikusi genuen; enpresa egitura bat behar duzu, eta ez genuen gure burua kapaz ikusten”.

Iñaki Larrañaga iurretarrak dio gaiak hainbat gurasoren interesa piztu duela, hein batean  gai zaila izan arren: “Jendeak aldaketen aurrean beldurra edukitzen du. Baina guraso batzuk galdezka etortzen dira”. Aldaketak antolaketan ere eragingo luke, baina Ortiz de Zaratek esan du orain lanean dauden sukaldari eta begiraleen lanpostuak bermatzea oinarrizkoa dela, euren ustez.

Noren ardura da?
Azpirik dio gurasoek aldarrikapena egingo dutela, baina jantoki eredua aldatzeko ardura Eusko Jaurlaritzarena dela: “Ez dugu planteatzen gure gain hartzea, gu hastea erosketak egiten eta abar. Ez da gure motxila. Ardura daukanak egin beharko du posible izatea”. Jaurlaritzaz gainera, eskualdeko udalek, Amankomunazgoak eta landa garapeneko elkarteak ere zer esana izan ahal dutela uste du Azpirik.

Inguruko ekoizleekin
Eta zelan garatu ahal da alternatiba?: “Inguruko ekoizleekin garatzea idealena izango litzateke. Gainera, diru asko geratuko litzateke bertan”, dio Ortiz de Zaratek. Beraz, nekazaritza bultzatuko luke. Uneotan, Jaurlaritzak enpresa gutxi batzuen esku uzten du zerbitzua, eta zigorra ezarri berri die, prezioak adosteagatik. “Umeen elikadura negozio bihurtzen denean, arazo bat dugu”, esan du Azpirik.

Hurrengo asteetan eskualdeko eragileen atxikimendua eskatuko dute, eta beste ikastetxeak ere gonbidatu dituzte elkarlanera. Ekainean jaialdi bat egingo dute, indar erakustaldi modura.

MANIFESTUAREN OINARRIAK

1. Elikadura osasuntsu bat jasotzeko eskubidea daukate umeek.

2. Kalitatean ere egokia izan behar da elikadura, kantitatean bezala.

3. Bertako eta sasoiko produktuak umeen beharrizanetara hobeto egokitzen dira.

4. Sukaldean bertan prestatutako produktuek bakarrik mantentzen dituzte osagai guztiak.

GAINERA...
Proiektuak inguruan lanpostuak sortuko dituela eta bertako ekonomia indartuko duela uste dute. Baserrien biziraupena bermatu ahal duela diote, eta garraioa murriztuz, gutxiago kutsatuko dela ere bai.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!