Ethan Lopez: "Landutako koreografiak baino gehiago harritzen du txiribueltak"

Anboto 2016ko mai. 8a, 10:00

Saskibaloi partiduetako hutsarteak betetzen dituzte cheerleader-ek. Minutu bat dute ikuskizuna emateko, giroa gainbehera etorri ez dadin. Saskibaloiaren ikuskizunaren parte dira. Ethan Lopez  eta Paule Mallagarai Dominium Bilbao Basketen Stylecheers taldeko kide dira. Zortzi dira taldean.

Nolatan cheerleader?
Ethan Lopez: Lau urte dira hasi nintzela. Breaker-ak gura zituzten, eta horretan ari ginen batzuk batu ginen show baterako. Nire lana gustatzen zitzaien.
Paule Mallagarai: Ordezko moduan hasi nintzen duela urte bi, eta iaztik ofizial lez nabil.

Zazpi neska eta zu Ethan mutil bakarra. Nola daramazu?
E.L: Hor ari gara, ikuslegoaren iritzia aldatu guran. Hasieran lotsa apur bat ere ematen zidan. Dantzatzerakoan bestelako jitea, agresiboagoa, maskulinoagoa eskatzen du egiten dudanak, eta hemen nagoela-eta pentsatuko dutena etorri izan zait burura. Aurreiritzi asko daude. Oso estereotipatuta dago: ‘neskek ipurdia mugitu baino ez dute egiten’; ‘soinekoa zenbat eta laburragoa, orduan eta hobea ikuskizuna’... Goitik hau edo bestea eskatu arren, dantzari gure kutsua ematen saiatzen gara: hip-hop-a sartuz, neskak txandalarekin irtenda... ikuskizuna baloratu dezaten, ez ipurdia mugitzea. AEBetan badaude mutilak, eta hip-hopa asko erabiltzen dute.

Animatzaileak hutsalak diren aurreritzia dago?
E.L: Bai. Animatzailea zarela esatean, praka motzak, top-ak, tontokeriak egitea... bururatzen zaio askori. Ez da horrela. Ikusi egin behar da. Ethanen estilora moldatu gara gu, eta horrek beste talde batzuetatik desberdintzen gaitu. Koreografia errazak eta bisualak dituzte gehienek. Gu arriskatu egiten gara, benetan dantza eginez.

Ikuskizunera mugatu gabe?
P.M.: Ethanek ematen du ikuskizuna.
E.L: Akrobazia asko, txiribueltak... egiten ditut. Hori gustatzen zaio jendeari. Oso landutako koreografiak baino gehiago harritzen du atzeraka egindako txiribuelta batek. Oso oinarrizkoak gara horretan. Partiduetan, adibidez, neskek itxuratze bat egiten dute, eta nik txiribueltadun saltoa egiten dut gainetik; kantxa zeharkatu dezaket eskuen gainean. Pausoak zirko edo gimnasia artistikora hurbiltzen dira; aurretik breaka egiten nuen, kide batekin.

Ponpoiak desagertu dira?
P.M.: Ez! Baina koreografia bakarren batean erabiltzen dira.

Lan handia eskatzen du cheerleader izateak?
P.M.: Atzean lan itzela dago, elkartzen garenean koreografian zentratu arren. Denok egiten dugu lan dantza munduan. Astean behin batzen gara, eta partiduaren egunean kantxan bertan, bi-hiru ordu aurretik.
E.L: Maila batean aritzeko, formazio bat behar da, bai.

Zein da zuen papera?
P.M.: Saskibaloia, berez, ikuskizun bat da, gu horren zati gara. Partidu bat inguratzen duen guztiak osatzen du ikuskizuna. Oso amerikarra da. Oso alai egon behar dugu guk, topera!
E.L.: Kontua da segundotako hutsarteetan ezer ez dagoen sentsazioa ez izatea; horiek betetzea, girotzea. Baina, jokoa ondo ez doanean, ikusleek ez digute irteten uzten.

Saskibaloi zaleak zarete?
P.M.: Taldean sartzean zaletu naiz. Baina, Bilbao Basketekoak bakarrik! (barrez).
E.L.: Ez. Kirola egitea gustatzen zait, ikustea ez! (barrez).

Garrantzia du irudiak?
P.M.: Kontrakoa erakutsi nahi den arren, bai. Ez dute nahi polita geratuko ez den inor.
E.L: Gorputzak hartzen du garrantzia; urrunetik ikusi daitezkeen lerroek. ‘Animatzaile efektua’ dago hor: ez dute zertan denek ederrak izan, baina, denak elkarrekin, urrunetik,  itzela dirudi.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!