Atxondori eta Iurretari aldapa gora jarri zaie herri artekoa

Anboto

Joaneko jardunaldiko hiru partiduak galdu dituzte. Elorriok, aldiz, abantaila hartu dio Orozkori: 2-1.

Bizkaiko Herri Arteko Pilota Txapelketako ibilbidea hasi bezain laster amaitzeko arriskuan daude Atxondo eta Iurreta. Joan zen asteburuan jokatutako  hiru partiduak galdu zituzten. Atxondok kadeteetan gertu izan zuen garaipena Usansoloren kontra (18-22), baina gazteetan eta nagusietan askogatik galdu zuen: 6-22, partidu bietan. Beraz, emaitzak ikusita, ez du ematen kanporaketari buelta emateko moduan egongo direnik. Itzuliko jardunaldia zapatuan, 19:00etan jokatuko dute Usansoloko pilotalekuan.

Iurretaren eta Zeanuriren arteko jardunaldia parekatuagoa izan zen. Kadeteetan eta nagusietan 22-19 galdu zuen Iurretak. Gazteetan, aldiz, Zeanuriko bikotea erraz nagusitu zen: 22-5. Itzuliko partiduak zapatuan, 11:00etan, jokatuko dituzte Iurretako Olaburu pilotalekuan.

Elorriok ondo bideratuta dauka kanporaketa. Gazte eta nagusien mailako partiduak erraz irabazita, hurrengo fasera sailkatzeko pausu garrantzitsua eman zuen. Itzuliko jardunaldiak barikuan, 20:00etan, jokatuko dituzte Orozkon.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!