Ariznabarretak garaipenagaz hasi du bertikalen Espainiako kopa

Anboto 2016ko mai. 2a, 10:23

Kantabriako Otañes herrian jokatu den proba irabazi zuen zapatuan eta bera da liderra. Domekan, mendi lasterketen kopako proba jokatu zuten toki berean eta Aitor Ajuria otxandiarra podiumera igo zen juniorretan.

Espainiako Kopako igoera bertikalen lehenengo proba jokatu zuten zapatuan Kantabriako Otañes herrian. %47ra arteko maldekin Ventoso gainera igo ziren parte hartzaileak. Gizonetan Oier Ariznabarretak irabazi zuen, lau kilometro pasatxo eta 700 metroko desnibel positiboa zituen lasterketa 26.54-ko denboran osatuta. Euskal federazioagaz taldekide izan duen Walter Becerrari 1.18ko aldea atera dio: 28:12. Kiko Navarrok osatu du podiuma: 29:32.

Igoera bertikalen bigarren hitzordua Telegrafoko krosa izango da, Madrilgo mendizerran. Cercedillatik abiatuta 1.975 metroko garaierara igoko dira korrikalariak; zortzi kilometrotan 700 metrotako desnibel positiboari aurre egingo diote. Azken proba biak Katalunian izango dira: Cabanerako Igoera Bertikala (Llida) uztailaren 10ean eta Sitja Del Llop-eko Igoera urriaren 22an.

Mendi proban Ajuria podiumean

Atzo, toki berean, Otañesen, mendi lasterketen kopako hirugarren proba lehiatu zuten. Aitor Ajuria otxandiarrak, bere debuteko proban, juniorretako podiumera igotzea lortu zuen hirugarren postuan sailkatuta: 56.53. Garaipenetik gertu geratu zen. Aleix Colell irabazleak 10 segundoko aldea besterik ez zion atera.

Aitor Ajuria eskuman Otañeseko helmugan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!