Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu du Emakumeen Bira egonkortzeko proposamena

Anboto 2016ko api. 14a, 14:02

EITBren zuzendaritzari “Emakumeen Birarekin hitzarmena egiteko” eskatu diote.

EH Bilduk aurkeztu zuen hasierako proposamena eta azken testua EH Bildu, EAJ eta PSE-ren artean adostu dute. Gaur Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran bozkatu eta aho batez onartu dute (EH Bildu, EAJ, PSE, PP eta Mistoa-UPyD).

Onartutako testuaren bidez, Eusko Legebiltzarrak “Emakumeen Biragaz hitzarmena egin dezala” eskatzen diote EITBren zuzendaritzari, “datozen urteetan Biraren telebista bidezko jarraipena ziurtatuko duena”. Hitzarmen horren bidez, “EITBk Emakumeen Birari Women World Tour-eko partaide izateko UCIk ezarritako telebista-estaldura ziurtatuko dio, horretarako behar diren bitartekoak bere gain hartuz”.

Horrekin batera, Eusko Jaurlaritzarekin eta Emakumeen Birako antolatzaileekin batera, UCIrekin egiten diren kudeaketa eta harremanetan “parte hartu dezala” eskatzen diote eta “adostu dezatela konponbide aproposena, Emakumeen Bira World Tour-eko zirkuitu berrian onartua izan dadin”.

Proposamena aurkeztu duen EH Bilduko Lur Etxeberria legebiltzarkidearen esanetan “etapa garrantzitsua da irabazi duguna; hala ere, kontziente gara kirolaren esparruan lana asko daukagula egiteko oraindik”. Emakumeen Bira babesa erakusteko bihar Urkiolan amaituko den etapa bukaeran egongo direla ere jakinarazi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!