230 partaidek eman dute izena Hitzez eta Ahotsez irakurraldirako

Anboto 2016ko api. 21a, 10:00

Apirilaren 22an, barikuan, Plateruenean egingo duten sei orduko irakurraldiagaz emango dute Hitzez eta Ahotsez ekimenaren aurtengo edizioa amaitutzat. Literatur eta euskaltzale talde batek antolaturiko ekimen honen aurreko bi edizioetan bezala, parte hartu gura duten guztiek euren ahotsa ipiniko diete eskualdeko idazleei.

Durangaldean jaio zein bertan bizi diren idazleen literatura hartu dute ardatz Hitzez eta Ahotsez ekimenaren hirugarren edizioan. Durangaldeko sortzaileek idatziriko olerkiak zein prosa lanak irakurri eta berbagai hartu dituzte, urte hasieratik, Durangon, eta solasaldiak ere egin dituzte idazleekin.

Lehengo eta gaur egungo idazleen obra irakurriko dute, apirilaren 22ko ekitaldian; Felipe Arrese Beitia, Julene Azpeitia, Lourdes Unzueta, Ebaristo Bustintza Kirikiño, Leire Bilbao, Joseba Sarrionandia, Xabier Amuriza, Mila Salterain, Errose Buztintza, Unai Iturriaga, Bitaño, Luis Berrizbeitia, Andoni Urzelai, J.E. Capeau, Josu Unzueta, Manu Ertzilla, Paddy Rekalde, Arrate Mardaraz, Iñaki Irasizabal, Gaizka Zabarte eta Peru Magdalena, kasurako. Idazle horietariko batzuek ere parte hartuko dute, gainera, barikuko hitzorduan.

Antolatzaileek esan dutenez, Durangaldeko herri guztietako 230 lagunek eman dute, dagoeneko, jendaurreko irakurraldian parte hartzeko izena: 15 eta 82 urte arteko literaturzaleak elkartuko dira, Plateruenean. Bi minutu izango du parte-hartzaile bakoitzak bere testua eskaintzeko; 18:00etan hasiko da ekitaldia, eta sei ordu iraungo du. Aurreko bi urteetan bezala, musikak ere bere lekua izango du, Platerueneko hitzorduan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!