Emakumeen Biragaz hitzarmena sinatzeko eskatuko dio Eusko Legebiltzarrak EITBri

Anboto 2016ko api. 13a, 12:29

EH Bildu, EAJ eta PSE alderdien artean adostutako proposamena bihar bozkatuko dute Eusko Legebiltzarrean.

EH Bilduk aurkeztu zuen hasierako proposamena eta azken testua EH Bildu, EAJ eta PSE-ren artean adostu dute. Bihar bozkatuko dute Eusko Legebiltzarrean. Legebiltzarrak Emakumeen Biragaz "hitzarmena egiteko” eskatuko dio EITBren zuzendaritzari, “datozen urteetan Biraren telebista bidezko jarraipena ziurtatuko duena”: “Hitzarmen horren bidez, EITBk Emakumeen Birari Women World Tour-eko partaide izateko UCIk ezarritako telebista-estaldura ziurtatuko dio, horretarako behar diren bitartekoak bere gain hartuz”, jasotzen du testuak. Horrekin batera, Jaurlaritza eta Birako antolatzaileekin batera, EITBk UCIrekin egiten diren kudeaketa eta harremanetan “parte hartu dezala” eskatzen dute eta “adostu dezatela konponbide aproposena, Emakumeen Bira WWT-eko zirkuitu berrian onartua izan dadin”.

EH Bilduko Lur Etxeberria legebiltzarkidearen esanetan, “aurten EITBk segimendua egitea lortu da, insistentzia politikoaren eta antolatzaileen ekimenari esker, baina lan nekez hori ezin daiteke urtero errepikatu”. EITBk UCIk eskatutako baldintzak betetzeko “konpromisoa” hartu beharko lukeela uste du eta hitzarmena “epe luzeakoa” izan beharko litzatekeela: “Bestela, urtero errepikatuko litzateke ezjakintasun egoera eta Birak estabilitatea behar du, besteak beste, esponsorrei eskaintza zehatza egiteko”.

EITBn emakumeen eta gizonezkoen kirolen arteko presentzia eta pisua “parekatzea” ere aldarrikatzen du Etxeberriak “modu progresiboan bada ere”: “Gaur egun minutu eta titular gehienak gizonezkoen kirolari eskaintzen zaizkie”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!