Emakumeen Bira

Inoizko tropelik handiena Emakumeen Euskal Biran

Anboto 2016ko api. 2a, 09:11

Nobedadez beterik aurkeztu da, apirilaren 13tik 17ra jokatuko den 2016ko Emakumeen Euskal Bira.

Olinpiar jokoetarako puntuak emango dituen lasterketak inoizko txirrindulari gehien izango ditu irteera lerroan, aurten. Pasadan urtean baino, 10 talde gehiago egongo dira, 23 zehazki, hau da, 100 txirrindularitik gora. Agustin Ruiz de Larringan, antolatzailearen hitzetan, data aldaketak (ia bi hilabete aurreratzeak) eragin "positiboa" izan du parte hartzean, eta espero du lasterketa bera ere "ondo" irtetzea.

Txirrindulariei dagokienez, nahiz eta, pasadan urteko irabazlea Kasia Niewiadoma eta Rabobank-Liv taldea falta, kalitatezko txirrindulariak ez dira faltako. Lasterketarako faborito nagusienetarikoa, Lizzie Armitstead egungo Munduko Txapelduna da. Boels Dolmansek, talde indartsua ekarriko du Emakumeen Euskal Birara, munduko txapeldunaz gain, orduaren errekorra egin berri duen Evelyn Stevensek ere parte hartuko baitu.

Aurtengo denboraldia azkena izango duen eta Euskal Herriarekin harreman berezia duen Emma Johansson ere kontuan hartzeko txirrindularia izango da, lasterketa honetara beti gogotsu heltzen baita. Horrez gain, hamar euskal txirrindulari ere izango dira irteera lerroan, beraien artean, Ziortza Isasi eta Olatz Agorria Durangaldekoak.

Etapak

2015ean bezala, Iurretan, atariko lasterketa batekin, 3´3 kilometroko erlojupekoarekin hasiko da aurten bira. Hurrengo egunean, txirrindulariek Eskoriatzan hasi eta bukatzen den etapa izango dute eta 75´6 kilometro dituen ibilbidean mendate bi igo beharko dituzte.

Bigarren etapak, Nafarroan, Etxarri-Aranatzen izango du irteera eta 109,5 kilometroren ostean Urkiolako Santutegian izango dute helmuga. Hirugarren etapak, Berriatuan hasi eta bukatuko den lasterketak ibilbide gorabeheratsua izango du. Azken etapa Portugaleten, Ballontin, jokatuko da eta lasterketa honetan txirrindulariak mendate bi igo beharko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!